jueves, 3 de diciembre de 2009

Euskara

Gaurko gizarte honetan, kausa guztiek behar dabe beren " nazioarteko eguna". Azaroaren 25ean izan zan indarkeria matxistaren kontrako eguna, abenduaren 1ean IHESaren eguna................. Gaurko honetan, abenduak 3, Euskararen nazioarteko eguna dogu eta hau be , zoritxarrez kausa izaten jarraitu behar dauanez, ba aldarrikapenerako eguna izan beharko.
Euskarak jauzi ikaragarria emon dau azken urteotan, eta hori ozen eta argi esan behar dogu danok. Arro egon behar dogu. Pozik egon behar dogu.
42 urte luze ditut eta amak euskaraz emon eustazan lehen laztanak eta lehen esnea. Lehen berbak euskeraz bota nebazan eta lotarako abestia euskeraz abesten eustan aitak; antza danez, herriko praile batek idatzitakoa zan

praka zahar txikitxu
zuloz betekoa
arkondaria bere
haren antzekoa
mendian izan arren
edurra nahikoa
hauxe da gure txikitxuk
daukan soinekoa

Baina, zer gertatu zan gero? Eskolara joan behar eta derrigorrez gaztelaniaz alfabetatua izan nintzen eta handik etorri zan galbidea.

Hainbat urte beranduago, semeari euskaraz emon neutsozan esnea, laztanak eta abestiak. Eta ikastolara joateko orduan, euskaraz alfabetatua izan da. Euskaraz ikasi dauz letrak eta zenbakiak eta matematika korapilotsua euskaraz ikasten dabil.

Jauzi handia emon dau euskarak. Baina, oraindik beste hainbat emon behar dauz. Horrek eguneroko lan etenbakoa eskatuko deusku euskaldunoi. Horregatik ospatu behar dogu ABENDUAREN 3A EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Barre egitekoa ala negar egitekoa?


martes, 10 de noviembre de 2009

Larra gainezka

Gainezka egon zan atzo Zorrontzako Joan Bateatzailearen eliza, herria Juanjo Zearretari azken agurra egiteko bildu zan udazkeneko arratsalde euritsu eta ilunean.
Hainbat gauza esan dira gizon honetaz domekan zorigaiztoko gertakaria izan zanetik. Hainbat gauza eta danak onak, danak nik errespetatzen dodazan pertsonen ahotik urtendakoak.
Eta nik? zer esan ahal dot? Bistaz eta izenez ezagutzen neban. Biak jaiotzez zorrontzarrak, biak alderdikideak, biak euskaldunak eta biak euskararen aldeko konpromiso sendoagaz..........
Baina ezin dot sakontasunean berba egin, ez nebalako sakontasunean ezagutzen. Behar bada , hitz erdiren bat egingo gendun behin Batzokian edo ekitaldiren batean alkartuko ginan. Egia esateko, ez dot ondo gogoratzen.
Baina, ondo ezagutzen ebenen hitzak irakurri dodaz eta hunkitu egin naz, negar anpuluren bat be agertu jat begian. Horregatik, berba honeek idaztea pentsatu dot.
Barriro be........zer esan ahal dot?
Juanjo Zearreta eta bere taldekoak izan dira euskera gizarteratzeko ahaleginik handiena egin dabenak. Oraingo jardunean gabilzanok eurek egindako tresnak doguz eta eurek zabaldutako bidean gagoz. Pekatua izango litzateke emon beharreko urratsak ez emotea, egin beharreko ahaleginaren aurrean makal eta beldurti agertzea.

Eskerrik asko Juanjo, bihotz-bihotzez.

domingo, 8 de noviembre de 2009

Alakranaren alde Bilboko manifestaldian

viernes, 6 de noviembre de 2009

a ze lotsa!

Lotsa emoten deust, gorritu arteko lotsa emoten deust Alakranako jendeagaz egiten dabizena. Marinel baten emaztearen berbak entzuteak negarra eragin deust eta neure okel eta zainetan sentidu dot beren mina, barruak urratzen dabezan mina.
Nik ezer egiterik ote dodan galdetu deutsot neure buruari eta pentsatu dot nire ahalegin osoagaz sikeran hareen egoera hobetzerik balego, zalantzarik barik egingo neukela.
Horregatik nabil orain idazten, berba honeek haizetik bialdu gura dodazalako Indiako itsasoan larri dagozanak eta hemen beren zain dagozanak apurtxo bat hobeto egon daitezan. Sentitzen dodan alkartasunak ezertarako balioko baleu...........

haizezko mezua bialtzen deutsut
botilan sartutakoak baino abiada handiagoa izango daualakoan
haizezko mezu epel, leun,abegikorra
alakranaren ontzi kroska jotzean
etxeratzeko haize bolada sendo eta nekaezin bihurtu daiten

lunes, 2 de noviembre de 2009

Azkenean negua bidean

errealitateak tristezia emoten ete deust?

Zapatu gabaz, bakarrik nengoala aspaldiko parte honetan hainbestetan aipatua izan dan Agora pelikula ikustera joan nintzan. Damutu ez naz egin, baina ez jat ezer gustatu. Hainbesteko zarataren ostean egiaztatu dot diruak ez dauala dana egiten eta lan teknikoak ezin dauz konpondu gidoiaren erraietan dagozan akats larriak ( nire eritxiz, jakina)
Kontua da , nik barneratze lan sakona espero nebala eta guztiz filma amerikanoa baino ez da. Ekintzen arintasunean oinarritzen da eta bitsetan geratzen da nire ustez pertsonaia nagusiaren hausnarketari ekiteko orduan.
Beno ba....... barriro be liburuetan murgildu beharra izango da hipatia horretaz zeozer jakiteko. Azken finean gauza ona atara dot, jakinmina piztu jat eta hori asebetu arte ez naz geldituko...

domingo, 4 de octubre de 2009

mundu birtualik errealena

Gizarte birtualik errealena

Internet sarearen bidez negozioak eta era guztietako harremanak ezarri ahal dira, baina mundu birtualean bizi direnek be behar dabe zeozer fisikoagoa. Asteburu honetan ikusi dot

sábado, 3 de octubre de 2009

webmaster...........neu?

Murphyren legearen arabera, ezerk txarto urteteko aukera badau, hori da gertatuko dana. Eta, holangoak pasatu jataz azken bi egunotan.Baina, beno, gauza okerragoak gertatu ahal diralakoan pazientzia izango dot eta baikor mantentzen saiatuko naz.
Azkenean, webmasterrez inguratuta nago, gai honetan guztiz ezjakina nazen honek. Hamar hitzetatik bi edo hiru ulertzen dodaz baina bihar sei edo zazpi ulertuko dodazalakoan hemen nago temati.

jueves, 1 de octubre de 2009

barriro be hizkuntzak bueltan

Lagun batek esaten deust zoratuta nagoala espainiako telebista kate batzuk ikusten dodazalako. Ez dot izenik emongo baina gaur goizean ikusi dot Isabel SSek parte hartzen dauan mahai ingurua eta zentzuzko gauza eskas esaten diran arren, gura izaten dot arerio politikoak esaten dauana jakin .
Barriro be hizkuntzak eta eskubideak bueltan. Espainolek esaten dabe euskara inposatu egiten dala eta espainola guztiz baztertuta dagoala estatuko erkidego batzuetan. Egia esan, nahiko nekatuta nago ni inposizio kontuaren ganeko eztabaidakaz. Ez dauke beste armarik eta ez dot denborarik horretan galduko.
Nik, hausnarketa txikia egin gura dot: Ahoa handitu egiten jake ingelesa eta frantsesa aipatzen eta gorroto itzela sentitzen dabe bertokoa dan hizkuntzaz ( euskara, catalá, galego.....). Esan egiten dabe beren umeak elebidun gura dabezala baina bestela egiten dabe. Ikusi bestela espainian zein baxua dan atzerriko hizkuntzen ezagupena.
Jaiotzez elebidun izateko aukera eder eta benetakoa galdu eta inoiz errealitate bihurtzen ez diran balizko linbo horreetan bizi dira batzuk.

oporrak ete?

Arriskutsua da beti gauzak geroko iztea , ze minutuak hilabete bihurtuko dira eta batek daki gero......
Kontua da gaur goizeko albistegian entzun dodala Alonso nire " Il Cavalino Rampante" maitean egongo dala hurrengo hiru urteetan.
Aspalditik daroat beldur hori aldean eta gauzatu egin da. Lehenengo sozialistak jaurlaritzan eta orain Alonso Ferrarin. ¿Itsutu al dira gorriak? ¿ ez dabe ikusten horrek bere onenak emon dauzala?
Umorez hartuko dogu dana. Moisesek be basamortua igaro behar izan eban bilatzen eban tokira iristeko..................ez gara gitxiago izango

jueves, 30 de julio de 2009

Negarra

Oporrak hasteko modurik txarrena. Atsedenean pentsatzeko une hau emon behar dogu negarretan. Negar egiten dogu bizia modurik lotsagarrienean galdu daben bi pertsonengatik, atzean geratu diran senide eta lagunengatik.
Negar egiten dogu Euskadi gure aberriagatik be. Aberriagatik bizia emon bai, inori bizia kentzerik EZ
Negarra eta sufrimendua besterik ez dabe eragin . Horreek ez dira abertzaleak

miércoles, 29 de julio de 2009

Betiko kontua

Nekatuta gagozan arren, betiko kontu honek tristura, pena, haserrea, botagurea,nekea ,amorrua sortzen deuskun arren , ezin gara isilik geratu. Bortxakeriaren aurrean isilik geratzen danak hauspoa emoten deutso bortxakeria ankerrari.
Horregatik, EZ EZ EZ EZ EZ EZ EZ EZ eta mila bider EZ
Bihotzez, solidariotasunezko besarkada zintzoa Burgoseko biktima guztiei. Un abrazo sincero lleno de solidaridad y apoyo a todos los afectados por el atentado de Burgos

lunes, 27 de julio de 2009

asabak omentzeko

Argazki xume eta are berba xumeagoen bidez, hona hemen aurreko guztiak omentzeko ekimena. Aitak erakutsi eustan Euskadi dala euskotarren aberria, eta erdi ezkutuan be ezagutu neban ikurrina. Gaur egun Gontzal Mendibilek garai batean aldarrikatzen eban " Euskadi sozialista" etorri jakun arren ( ironia ulertu, mesedez) euskaltasuna bazter batera eroan eta gure ezbardintasuna adierazteko aldarria isilarazi eta baretu gura dabe gobernuan dagozanek. Bueno, ba agian, oraintxe da guk burua ondo altxatuta eroateko eta herri hau bertan behera ez izteko unea. Bakotxak daki zer egin behar dauan.

Zorionak amama eta aitite guztiei


Zapatuan ospatu genduan Zornotzan herriko amama eta aititeen eguna. Holakoetan, " herriko gazteekaz " alkartzen gara eta eurekaz batera ospatu hain egun garrantzitsua. Lerro honeekaz batera zorionik beroena aurtengo amama eta aititeri, eta ganerako guztiei be.

Ez ahaztu, izan zirelako gara....

Eskerrik asko , bihotz bihotzez

viernes, 26 de junio de 2009

Danok Gorbeiara!

Euzko Alderdi Jeltzaleak uztailaren 4an Gorbeia Ikurrinez janzteko deia egin dau. Nik animoak berotzeko gurean, aitak abestuten ebana ekarri gura dot gogora

Gorbeiako mendian
puntaren puntan
gurutze eder bat dago.

Handik Euskalerria
ikusten dogu
ederrago.

Erdu Miren.
Jarri hemen.
Zer dozu ikusten?

Euskalerri
habi txiki,
mendi ta baserri.

Aupa, mendigoizale gazte!
Gorbei mendira igon zaite!
Han egingo dogu irrintzi:
Gora!
Aurrera mutilak!

Trala-la-la...

Gaztelaniazko bertsinoa be badago. Hori, izeko Marialuisagaz abestuten eban.......... Horreek dira nire bizintzako urre gorrizko momentuak.
Falta barik, semeari irakatsi behar deutsot hau be.

martes, 23 de junio de 2009

Arantzak

Gehiegitan gertatzen da unerik lasaienean, ezer berezirik espero ez danean , munduan gertatu ahal dan gauzarik txarrena, lotsagarriena, ankerrena gertatzea.
Hori izan zan lehengo bariku goizean lanerako autobusean nengoala gertatu zana. Errepidean izan zan auto istripua zalakoan , goiz erdian jakin neban pertsona bat erail ebela Arrigorriagan.
Beste arantza bat bihotzean
Orain arte bizi izan dodan aldian hainbat erailketa ezagutu dodaz. Ezin dot esan orain zenbaki zehatza baina buruak emongo baleust be , bihotzak milioika kontatuko leukez, milioika zenbatzen dodazalako bihotzean metatu jatazan arantzak, barikukoa azkena.

viernes, 22 de mayo de 2009

beldurgarria!

Osasun sailburu barriak ikaratu egin nau eta ez da txantxetako gauza. Argi eta garbi esan dau euskara garrantzi gabeko gauzak gordetzeko kajoian sartuko dauala eta ideologiak alde batera itzi behar dirala .
Hori da Eusko Jaurlaritza barria eta hori da Lehendakari ponposo barriak aukeratu dauan jende modua

Gaurko deian bota dau hau:

"En las futuras OPE de Osakidetza, el euskera no tendrá el mismo rango de requisito que hasta ahora"

Zer etorriko da hurrengo? Etorriko da Celaá esaten euskara ikasgai gisa ikasiko dala ? Etorriko ete da barrio Franco eta bere lagunak?

Oso ondo Lopez, horixe da frentismorik gabeko gobernua. Joan zaitez eskolara eta gitxienez ikasi eizu hitzak daukan esanahia.....

miércoles, 20 de mayo de 2009

kanpainan barriro

Kanpaina barriaren atarian gagoz ofizialki, baina nire burua kanpainan sartu neban martxoaren 1eko hauteskunde ostekoa apurtxo bat baretu zanean ( aste betera edo...) Kontua da politikagintza gustuko dodala eta hauteskundeak deituta dagozala jakinik, neure burua bide horretan jartzen dot eta ahal dodan guztia emoten dot herri honen onerako. Hori da nik egin nahi dodan politika.
Baina, tira, barikuan hasten da kanpaina ofiziala eta horretarako prestatu behar doguz buruak , gorputzak,hankak, begiak,belarriak eta ahoa
Burua, egin behar doguna jakiteko; gorputza, egin beharrekoa egiteko; hankak etxerik etxe joateko; belarriak, herriak esan behar dauana entzuteko eta ahoa gure mezua zabaltzeko, Izaskun Bilbaoren mezua zabaltzeko hain zuzen.
Asko esan ahal da Izaskun Bilbaoren inguruan. Politikagintzan ibilbide luze eta sendoa egin dau eta soberan erakutsi izan dau ezeren ganetik herriaren alde lan egiteko prest dagoala. Bermeoko alkategai gaztea izan zan, zinegotzi arduratsua, legebiltzarkide ekintzailea eta Eusko Legebiltzarreko Lehendakari andere neurtua,malgua, prestua eta ez dakit zenbat gauza gehiago.
Baina, une honetan, zeozer gehiago esan gura dot nik Izaskun Bilbao Barandica pertsonaren eta emakumearen inguruan: Aurpegira begiratzen dau berba egiten dauenean eta jendeari entzun egiten deutso. Emakumea da eta gauza txikiek eta handiek dauken garrantzia ezagutzen dau. Horrez ganera, euskaldun peto eta landua da, urrats bakotxak dauan garrantzia ezagutzen dau eta helburu horregaz doa Europar Legebiltzarrera.
Oraingoan be, EAJ da hautagairik onena daukana, IBB ezin da ez kopiatu ez klonatu ez biderkatu.

lunes, 18 de mayo de 2009

askatasuna ? norena?

http://www.erabili.com web gunetik atara dodana:

Nire birraitona ahalegindu zen seme-alabak ez zitezen itxi mandioan. Etxean euskaraz egitea debekatu zuen, espainolez ondo ikas zezaten", esan zuen Mayor Orejak joan den astean Bartzelonan emandako hitzaldi batean. Euskal Herriko politikariaren ustez, birraiton euskaldunaren erabaki horri esker lortu zuen Oreja beraren aitonak "euskara eta espainola naturaltasunez menderatzea". Familiaren adar horretako elebitasuna hortik aurrera eten zen, nonbait, Mayor Orejak ez du eta euskararik hitz egiten.


Harrigarria bai, baina horrek ez gaitu inor harritzen. Batzuk elebakartasun espainola inposatu gurean dabiltza . Hori da "askatasuna " euren hiztegian

miércoles, 6 de mayo de 2009

Inork ezin dau Ibarretxe superatu!!!!!!!

.......... gainditu esan deutsot nik eta " bai ama, gainditu" erantzun berak.

Zazpi urte bete barri ditu nire semeak eta ondo ezagutzen du orain arte izan duen Lehendakari bakarra. Pare bat aldiz begiratu ahal izan deutso hurbiletik eta hainbatetan telebistan, alderdiko ekintzetan eta bere amak behin eta berriz eskaini deutson diskurtsoan.

Jakina, berak ez dakiz zer moduzko gertakizunak izan diran eta uste dot ez dakiela oso ondo Lehendakaria izateak be zer esan gura dauan.
Gauza bat dau argi nire semeak, bere adinarekin nik neuk be inolako zalantzarik gabe pentsatzen nebana, aita zenak irakatsi eustan erdi izkutuan ( ez esan inori, eh......esaten eban) txapazko ikurriña zaharra erakusten eustan bitartean: Zer gara gu? Nor gara gu? Euskotarrak gara gu, berba horrek gordetzen dabezan inplikazino guztiekaz....

Lerro apal honeen bidez, agur beroa bidali gura deutsot askoren bihotzetan Lehendakaria izaten jarraituko dauanari. Eta horregaz batera, eskari xumea: mesedez, ez zaitez gehiegi urrundu......

lunes, 27 de abril de 2009

adarra sikatu jat

nire bizitzaren zuhaitzari
adar bat sikatu jakon atzo
albo batean egoan
ez zan handia, ez oso indartsua
isila
baina, sikatu egin da gaur

Ekaitza gau batez
tximistak jo eban eta makaldu egin zan
Orain, sikatu egin jat
jausi egin jat

Arbolari begiratuta
adar batzuk falta jakozala ikusten dot
batzuk handiagoak, besteak meheagoak
beti nabarmena itzi daben zuloa

Eta, honeen ondoan jaio dira kimuak
berde,gordin,samur,eder
hareek egin beharko dabe gora
adar sikuek itzitako lekuari esker
adar sikuek ondutako lurrari esker
eta hareen faltak eragindako malkoei esker

martes, 21 de abril de 2009

Zer egin?

Zer egin behar dabe orain arabar euskaldunek?zer egin beharko geunke bizkaitar ,gipuzkoar eta ,mundu osoko euskaldunek?
Gaur goizeko kafesneagaz gosaldu dut oraindik irensteko daukadan gaileta. Arabako PP eta PSOE alderdiak alkartu egin dira Arabar Aldundian kentzeko euskara eskatzen dauan baldintza . Zur eta lur. Azalpen gisa esan dau PPkoak horrelako neurriek gaztelera baztertu egiten dabela eta guk gura doguna dala gaztelania desagertaraztea.
Ez naz sartuko adierazpena neurtzen eta baloratzen. Baina negargarria da eurek be dakiela hori gezur borobila dala.
Eta hori gaurko gosariko gaileta izan da, ea gure Patxik zer moduzko pastela prestatzen deuskun egosten darabilen eusko jaurlaritza horregaz.
Nire galdera: zer egin behar dogu euskaldunok? mutu geratuko gara?

viernes, 3 de abril de 2009

erantzun gurean

Nire izen ona zikintzen dabilen horrek
ospea zapaltzen
eta izanari zentzua lapurtzen
jakin beza
jakin dagiala
porlanezkoa nazela
amak haragizko egin ninduen arren
aitak altzairuzko bihurtu ninduela
meategiko burdina
goritan jarria
mailukadez gogortua
sendotua
eta berba honeek ulertuko ez daizan arren
jakin dagiala
jakin beza
are gogorrago egingo nazela
bere ahaleginari esker

viernes, 20 de marzo de 2009

Agur egun handira arte, Gorka

Zer esan lagun bat joaten jakunean? Zer esan etxekoei? Zer esan emazteari eta seme-alabei?
Berbak pilotu egiten jataz birikietan, buruan,sabelean eta mihi puntan. Ezin dodaz ondo egokitu, ez behintzat nik gurako neukeen modura.
Joan egin jaku Gorka Agirre ,joan egin jaku burukidea,nagusia.... baina batez be laguna. Ez naz ni hasiko orain Alderdi barruan egin eban ibilbide garbia, zuzena eta zintzoa aipatzen. Halangoa izan zan arren, beste batzuen lana da horretaz berba egitea.
Nik, malko artean esan dodan gauza bakarra da zerurik egotekotan berak tokirik onena merezi dauala bertan.
Halangoetan abestuten dogun moduan:

joan jakuna hartuizu jauna
zu bizi zaren lekuan

Agur Gorka, agur egun handira arte

martes, 10 de marzo de 2009

Lopezen eskutik..............

Behatokia: "Euskararen ezagutza legez zigortu nahi du Nafarroako Gobernuak"

hauxe da bidean jatorkuna....

Ezberdinari bere balioa eta hazteko eta garatzeko espazioa emon beharrean, bardintasun egoerara eroan gura gaitue, bardintasun hori faltsua izango dan arren.
Lehendakari egiten daben unetik beretik, Lopezek aurkegian jarri dauan euskalzaletasun faltsuaren maskara jarriko dau eta benetako elebakar tinko eta arroa ikusiko dogu.

Beldurra...

Beldurrak gogortu egiten gaitu. Azala harrizko egiten da eta odola bera be geldirik geratzen da zainetan . Beldurrak arnasa ondo hartzea be eragozten deusku. Baina, gatxa izaten da beldur hori kentzen, behin tripetan sartuta dagoenean. Ahalegin berezia egin behar izaten dogu eta horretarako ez da makala behar dan indarra.

Baina, beldurrik ez daukagunean, amildegia zeharkatzeko pausu seguruak emoteko prest gagoz. Lasaitasunez jantzita gagozanean, basapiztiz betetako oihan beltzean be ibiliko ginateke lasai asko, prestu, sendo, tinko...

Holan agertuten jataz orain EAJ, burukideak eta oraindik Lehendakaria dana be. Bai ondo! Sendotasun hori guztiz kutsakorra da eta oso osoan sinesten dot hori dala gizartean zabaldu beharreko sentimendua. Eta ez bakarrik Eusko jaurlaritza osatzeko gagozan une delikatu honeetan, baizik eta gure zorua desegin gurean dabilen lurrikara ekonomiko honeri aurre egiteko be.

viernes, 6 de marzo de 2009

Bariku santua!!!!!!!!!!!!!!!!!

Heldu jaku barikua, benetako bariku santu bakarra. Ez naz orain lar ozen berba egiten hasiko ze batzuetan espero ez dana agertuten da azken momentuan ( eta egin behar dana egin behar da, ez dago zalantzarik horretan) baina beno, eguerdirako bidean gagoz eta ez dau emoten asteburuan behar handirik egin beharko dogunik.............ala bai?
Domekan emakume langilearen nazioarteko eguna dogu eta hori ospatzeko, Zornotzan XII. emakumeen merkatua jarriko dogu nekazal giroan eta itsaso inguruko lanetan jardun izan daben emakume euskaldunak omendu gurean.
Lerro honeetatik, eskerrik beroenak adierazo gura deutsedaz . Eurek erakutsi izan deuskue borondatean eta barruko indarrean dagoela gakoa, eta ez itxurakerian. Horrek be balio deusku orain bizi dogun momenturako. Bakotxak atara dagiezala bere kontuak!

jueves, 5 de marzo de 2009

fair play?

Joko garbia berba erabiliko neuke nik eta hori da hain justu Lopezek erakusten ez dauana; eta ,ezer baino lehenago bere buruarekiko.
Gauza bat esan eta bestea egin. Arrotuta jabilku Patxi berbakaz eta gero ez da ausartzen hanka babestokitik ateratzen.
Nagusiaren baimenaren zain?eszenatokira urteteko beldurra? Aurkariari begietara begiratzeko beldur?
Hori al da etorriko jakun Lehendakaria? Ai jauna..............

martes, 3 de marzo de 2009

Eta orain?

Zain gagoz danok, osagilearen kontsultan egoten garen moduan. Batak besteari kontetan deutso mina non daukan ,medikuaren esana entzun baino lehenagoko beldurrak uxatzeko asmoagaz.
Bien bitartean, ohikoa dan moduan, gertatu ahal diran gauzak irudikatzen doguz. Nik behintzat, egoera okerrenak irudikatu ohi dodaz eta halakoetan egingo neukena erabakitzen dot. Orain be, hori egiten nabil.
Eta , kasu honetan be, okerrena gertatzen bada be, zutik egongo gara, sendo mantenduko gara eta gogotsu, egin behar diran gauza guztiei ekiteko.
Orain, inoiz baino gehiago.

lunes, 2 de marzo de 2009

martxoaren 2a heldu jaku

Otsaila luze -laburraren ostean, heldu da martxoa bere lanbro, sirimiri eta "negutik urtetako eta udabarrian sartzeko " eguraldi arraro horregaz. Beno, eta heldu da be hauteskunde osteko eguna.
Azken asteotako lanaren ostean, eta batez be atzoko hauteskunde egunaren ostean , nik neure poztasuna adierazi gura dot.
Baina, gauza guztien ganetik, Zorionak emon gura deutsedaz Ibarretxeri,Urkulluri,Egibarreri,Bilbaori,Martinezeri .............- ez naz orain abizen guztiak emoten hasiko..........baina herri karguetan eta barne karguetan dagozan guztientzako zorion adierazpena da- egin daben lan paregabeagaitik.
Orain, beste lana geratzen da , eskuartean doguzan emaitzak ondo kudeatzea hain zuzen. Hori, goi mailako politika deritzon horretan sartzen da. Nik konfiantza osoa dot burukideengan eta lerro honeetatik, bakarrik geratzen jat nire laguntasun guztia eskaintzea.
Eta bereziki, Ibarretxe Lehendakariari eskertu gura deutsodaz barikuan kanpaina amaierako mitinean entzun neutsozan berbak, indartu egin daualako kaleko politikean dodan sinesmena eta fedea. Aurpegiak eta begiak dituen politikea, pertsonentzako politikea, ukimenezko politikea, gizartea osatzen daben pertsonentzako politikea.
Eskerrik asko horregaitik, bihotz-bihotzez.

viernes, 27 de febrero de 2009

Horrelako baten aurrean, ni berbarik barik geratzen naz



Berbarik ez, hori da nik Lehendakaritzan gura dodan pertsona. Eutsi goiari Ibarretxe!
Orain, inoiz baino gehiago

viernes, 20 de febrero de 2009

jueves, 19 de febrero de 2009

HEMEN ETA HAN

Edo hobeto esanda, hemendik eta handik...........edo hemendik ALA handik
Hauteskunde egitasmo baten onurak zabaltzerako orduan, gauza asko esan ahal dira . Ganera, seguru nago alderdi guztiek daukela borondaterik onena gizartearekiko. Ez naz ni hautagaien borondatea edo kualidadeak alderatzen hasiko. Urkulluri entzun neutson baten pertsona onak leku guztietan eta alderdi guztietan dagozala. Zalantzarik ez dago!
Baina, bai da garrantzitsua erabakiak hartzeko tokia. Horretan bai dago gakoa!.
PSOE eta PP alderdien egoitza nagusia Madrilen dago eta Madrilen pentzura bizi dira biak. Beraz, Madrilgo gobernuari zor deutsoe lehena, oraina eta etorkizuna.
Zer autogobernu da holangoek defendatuko dabena? Zer Euskadi?
Gure subiranotasunean, autogobernuan atzera egiterik ez badogu gura.......
orain, inoiz baino gehiago

martes, 10 de febrero de 2009

karguagaz doan pertsona

Ibarretxe Lehendakariari hainbatetan entzuteko aukera izan dot azkenaldi honetan eta esan dauzan gauzetatik batek egin deust eragin sakona.
Gaurko gizarte honetan, barruko bakea islatu behar da;baina lehenengo, barruko bake hori gure barru-barruan izan behar dogu, horretan sinistu behar dogu.
Egia borobila benetan!. Gehiegitan barruan daroaguzan ekaitzak eta burrunbadak ezkutatzen saiatzen garen arren, kanpora urteten dira eta ezin dogu ezer egin. Ez dabe ezertarako balio ganean jartzen doguzan maskarek, garden bilakatzen dira eta barrukoa erakusten dabe, ona izan zein txarra izan.
Barruko bakea adierazteko, barruko bakea izan behar da. Eta, horren erantzule, gu geu gara eta ez beste inor.
Eta zer ba barruko bake hori? Ibarretxeri begiratu eta erraza da asmatzen: gauzak ondo egiteko borondatea, kontra egiten dauanari kasu ez egitea eta begirada etorkizunean jartzea . Baina batez be, pertsonengan pentsatzea.

martes, 3 de febrero de 2009

Egizu kanpaina!

Politikaz jardun neban atzo gaueko hizketaldian. lagunak haritik tiratu besterik ez eban egin eta klaro, nik gitxi behar izaten dot nire inguruaren ganeko azterketa egiteko eta zalantzarik barik Ibarretxe aukerarik onena dala esateko.
Baina nire ohiko alkarrizketakideak kanpaina egiteko eskatu deust , konbentzitu behar dodala esan deust bere botoa Ibarretxeri ematea gura badot.
Gura? galdetu neutson. Ez da nik gura dodana, zuk gura dozuna baino...
Zer gura dozu zuk? zer behar dozu zuk?
Zuk gura dozuna , herri honen garapena, ongizatea, askatasuna, nortasuna, hurbiltasuna bada...
Zuk behar dozuna zure enpresarentzako proiekzioa bilatzen dauan taldea eta beti bi pausu aurrerago egongo dan gobernua bada, Ibarretxe da ZUK GURA DOZUNA
Baina klaro, beti madrilen atzean, beti madrilen pentzura, beti azpian egon gura badozu.... beste aukera batzuk daukazuz.

jueves, 29 de enero de 2009

kanpainan.............

Agerikoa da kanpainan gagozala eta erarik tristeenean konturatu be....
Teorian, hauteskunde kanpainan edo bestelako kanpaina batean be, nork bere produktua saldu behar dau, merkatuan dagozan guztien artean onena dala erakutsi behar dau, alde txarrak leundu eta onak azpimarratu eta goraipatu..............
Baina, keba! batzuentzat kanpaina da ondokoa zapaltzea, bere hutsuneak erakustea eta jakina, handitzea. Holan jarduten dabe batzuek beren ezgaitasuna ezkutatu ezinik, ondokoaren bikaintasuna jasanezin egiten jakenean.
Ondokoaren burua zapaltzea, norberarena ondo erakusteko.
Onena, garbiena eta eraginkorrena, zuzen jardutea.
Zer bilatzen dabe egunkari batzuek Urkullu eta Lehendakariaren arteko arrakala topetan dabenean? Zer bilatzen dau liburu baten egileak? liburuak saltzea. Eta, jakin badakigu, zenbat eta polemikoagoa izan................

lunes, 26 de enero de 2009

zintzoa izan eta lan egin



( argazkia eaj-pnvren web gunetik hartuta)
"apurtxo bat aspertu zala baina ondo pasatu ebala" aitortu eustan semeak Euskaldunatik urten ginanean. Nik bertan esandakoaz galdetu eta zera bota eustan " Lehendakariak esan dau zintzoak izateko eta lan egiteko"

Gehiagorik esan behar ete da? Urkulluri sarritan entzun deutsot ondo eta garbi jokatu behar dogula eta gure egite-ona erakutsi behar dogula.

Berba txikiak askotan izaten dira asmorik handienak eroaten dabezanak. Horreek dira herri honek behar dauzan gauzak: zintzotasuna eta lana, bakoitza bere alorrean

viernes, 23 de enero de 2009

etorkizuna hemen dago

etorkizuna hasi da gaur amorebietan
automotive centerren, lehendakariak jarri dau martxan etorkizuneko autoaren motorea

jueves, 22 de enero de 2009

Zergatik isildu?

Batzuetan, isilik bizi dan gizartean bizi gara.
Baina, bidebako, txar, gaizto eta kaltegarri jotzen doguzan gauzen aurrean, zergatik isildu?
Atzokoan, autobusaren zain nengoela, pertsona batek autoa aparkatu eban errotondan bertan. Pertsona askok ikusi eben hori txarto eginda dagoala, horrek arriskutan jartzen dauala zirkulazinoa. Inork ez eban ezer esan. Ezin isilik egon eta bota egin neutson hori ez zala aparketako tokia. Klaro, berari bost!
Bale, nire ekimen honek ez eban fruiturik emon. Autoa ez eban kendu berak pentsatu arte, bere zeregina egin arte.
Baina, hurrengoan be, nik esan egingo dot. Lehenengo aldia da gogorrena eta ez dot bidebakokeriaren aurrean isildu gura.
Modu berean, ez naz isilduko ETAren lotsabakokeriaren aurrean. Hiltzaile izateaz ganera, pertsona baten erailketa arrazoitzera ausartu da, eta, zelan ganera!
Ez dago mundu osoan, pertsona baten erailketa arrazoitzeko arrazoirik, ez dago. Ez Gazan, ez Palestinan, ez Kolonbian, AEBn, Hegoafrikan, Txinan , Istanbulen, Espainian...... ez Euskadin Euskal Herrian Euzkadin be
Ez dago pertsona baten bizia baino gauza handiagorik.
Atzo, isilik geratzea pentsatu neban, baina ezin.......

martes, 20 de enero de 2009

Jakin eta Egin. Saber Hacer

Gustuko dot Alderdiaren goiburu barria. Beno, egia esateko, hunkitu egiten nau, barruraino sartzen jat eta barriro be, nazen guztia helburu zehatz bat dauan Alderdiaren alde baina batez be Herri baten alde neure dana emoteko gurean jartzen nau.

Publizitate lanetan dabiltzanek bete betean jo dabe oraingo honetan. Aderdiaren gorputzari azalari itsatsita egon dan jantzia , kanpoan, agerian eroan beharreko ikur bihurtu dabe. Ondo eginda!

Gustuko dot ez soilik mezuagatik, itxuragatik ere jotzen dot egoki. Ez dago itzulpenik, ez dago mezua bikoizterik. Biak osogarriak eta banaezinak diralako, eta biak, herri honen hizkuntzak diralako.

Eta berba horreek daroen mezura bueltatuta, inoiz baino gehiago eta behin betiko, mezu hori zabaldu behar dogu. Egiten dakigu eta egin egiten dogu; baina, horrez ganera, egiten ikasi behar dogu, gehiago jakin , gehiago egin. Hori, amaibako bidea da , ezin da bestela izan.

Krisi garaietan ezin gara gelditu, albiste beldurgarriek ezin gaitue izoztu, gogortu, geldiazo. Une txarretan, pausua aurrerakoiagoa izan behar da, ausartagoa, handiagoa, arrisku handiagoz.

Barkatuko deustazue gaurko mezu honek " arenga politiko" itxura izatea. Goiburu barriaren eragina ete?

jueves, 15 de enero de 2009

PP eta PSE,a ze parea....

karakola eta barea esaten dau esaera zaharrak eta izenok be ondo egokitzen dira kasu honetara.
Agerikoa da hauteskundeak bidean dagozala eta hortxe gagoz danak, bakotxak lasterketarako tokirik onenaren bila. Zilegia eta egin beharrekoa,jakina.
Baina gauza batzuk, " naturaren kontrakoak dira", eta ni, inoren zaletasunak ,lagunak eta alkartzeak errespetatzen dodazan honek, hausnarketa bat egin gurako neuke espainiar alderdi bi honeek dabilzan balizko alkar-jokoan.
Zertan lotzen dira biak? zer dauke bardin? Esaten dabe aurkariek elkarrenganako modu bateko edo besteko erakargarritasuna daukela, baina zer ondorio on atara daiteke guztiz kontrakoak diran bi alkartzen diranean? Osogarriak dirala? On orokorraren alde batu egingo dirala?
Ezezko borobila esango neuke nik, batez be , orain arte ez dabelako inolako errespeturik erakutsi izan, berenak ez diran gauzekiko.
Egia da , pertsona bi edo talde bi alkartzeko arrazoirik onena dala biek etsai bera izatea eta argi dago EAJ dala ( eta ez ETA, hori harrigarria bada be ) bi honeen etsairik nagusiena.
Baina, arrazoi horregaz, " pegamento " horregaz, gauza onik urten ahal da alkartze horretatik?
Helburu onak urtenbide ona izateko aukera gehiago daukaz eta herri baten alde egiteko borondatea izateak helburu horreri laguntzen deutso. Baina, zer gertatzen da hasierako eta oinarrizko helburua , ondokoari kalte egitea danean? Ez ahaztu, horien bien helburua da EAJ zapaltzea, Euskaditik euren " apisonadora bardintzailea" sartzea eta euskaldun guztiak beren artaldean sartzea.

lunes, 12 de enero de 2009

Web barriagaz dator ilusino barria


Barkatuko deustazu, Eider, baina zure irudia jarri gura izan dot gaur , zapatuan bizi genduanaz idazteko. Kontua da egun horretan atara nebazan argazkietatik, hauxe dala nire berbakaz hobeto doana, zu zeu abertzalea, jeltzalea ,gaztea eta informatika erabiltzailea zarelako.
EAJ-PNVren web gune barria aurkeztu zan eta asko dago egiteko.
Gauza barri guztiekaz gertatzen dan moduan, panpina egina dago eta orain da jantziak egiteko ordua. Eta, horretara izan ginen deituak, panpin horreri jantziak egiteko aproposena herria dalako.
Esan beharrik ez dago amarauna tresna boteretsua dala gaur egun mezu bat gizartean zabaltzeko . Tresna hau ondo ezagutu behar dogu eta ondo erabiltzen jakin behar dogu. Alderdiak mezua dauka gizartean zabaltzeko eta bide bakarra ez dan arren, asko eta asko gara gaur egun honen bidez komunikatzen eta alkartzen garenok. Orduan, mezua zabaltzeko orduan, funtsezko tresna dogu.
Baina, gauza bat ekarri gura dodaz gogora, edo, agian bi..., hain zuzen be Urkulluk eta Ibarretxek zapatuko ekitaldian azpimarratu ebena. Lehenengoak azpimarratu eban mezua zabaltzeko orduan mantentzen dogun jarrerea, eta bat egiten dot oso osoan. Ez gaitezen alperreko aho berokerietan sartu, mantendu daigun beti jarrera ona eta baikorra, hori dalako gure izaera.
Bestetik,gaurkoa amaitu gurako geunke lehendakariak esandakoagaz: internet sarea tresna ezin hobea da, baina inoz ez dau ordezkatuko harreman pertsonala, ukimenezkoa, irribarrezkoa, hurbilekoa , aurpegiaz eta keinuez erakusten dana...

viernes, 9 de enero de 2009

Guztion Lehendakaria

Egunotan ahoan eta belarrian daroagun gaia da Lehendakariaren kontrako auzia eta arrazoi horregaitik, gehiegitan eritxi politikoa gordeta daroanak be bota gura dauz bere ikuspuntuak eta gaiaren ganean dauan eritxia.
Atzokoan, EAJgaz zerikusirik ez dauan pertsona batek, boto emoilea edo laguna ez dan batek esan eustan, auzia guztiona dan Lehendakariaren kontrakoa dala eta lotsagarria dala, berba egitea be auzitan jarri gura dalako ( horreek dira bere berbak)
GUZTION LEHENDAKARIA dago auzitan, hau da, Euskal Autonomi Erkidegoko bizilagun guztion ordezkaria.

jueves, 8 de enero de 2009

Nire Lehendakaria auziperatua dan une honetan...

...nago ni laguntasun eta indarrezko hauspoa bihurtzeko berbak eta esaldiak nire buruan borobiltzen.

Euskal Autonomi Erkidegoko Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari jauna, auziperatua izan da berba erabili izan gura daualako Euskadirentzako BAKEA erdiesteko, eta berba da une honetan bertan auziperatua dana, ez bakarrik Ibarretxe Lehendakaria.

Pertsonari eta pertsona honek ordezkatzen dauanari bere balioa kendu barik ( inortxok ezin izango deutsolako inoiz kendu), hitza bera da epaile aurrera eroan dabena, eta horregaz batera dagoz hitz egiteko askatasuna , gauzak konpontzeko gogoa eta aurrera egiteko borondatea.

Imaginatu orduan hitza,askatasuna,gogoa eta borondatea. Hitzak ezin dau ezer esan, askatasunak eskuak lotuak ditu,gogoak hegalak ebakita eta borondatea hanka barik itzi dabe.

Auziperatu egin dabe hitza erabili izan dauana armari indarra kentzeko helburuarekin. Eta, orain, hitza erabili gura dot nik Lehendakari bat auziperatua izatera eroan dauan asmo okerrari aurre egin gura deutsodalako.

Batu daiguzan hitz guztiak eta honeek bat egin dagiela beldurrari, segurtasun faltari,bortxakeriari eta helburu oker guztiei bidea mozteko.