miércoles, 13 de noviembre de 2013

Kandelatxu bat

Kandelatxu gorria piztu dot gaur
Falta jakuzanak
Geurera ekarteko
Eskaratzeko txoko berora
Egongelako aulki zaharrera
Ekarteko
Argizko segundu batez
Gugaz egon daitezan
Lanean
Bazkalondoan
Atsedenean
Gugaz

Joan daitezala gero
Beren oraingo bizitokira
Ilargirako bidean
Hirugarren izarrean

Baina segundu txiki batez
Hasperentxoa egin bitartean
Geurean egon daitezela
Betiko

Gauza batzuetarako, urteak beti gehiegi
Baina bihotzak ez ditu urteak ulertzen
Eta urteek ez deuskue mina arintzen 
Egun bakarra gehiegi dalako...

Lehen gaur eta beti
Zure besoa nire sorbaldan
Argi segundu batez
Nire Karmentxu zure ahoan



jueves, 9 de mayo de 2013

Egia?

Egia eraiki behar dugu

Atzokoak balio ez digulako

Zubia eraiki genuen arren

Gure zorua birrintzera ailegatu zen

 

Egi berria behar dugu

Jantzi garbia

Orbainik gabea

Zuria

Jaio berriaren maindirea

Izan dadila

Iraganaren

Hobia

domingo, 28 de abril de 2013

Hamaika urte ez da ezer

Duela hamaika urte 
lasai oheratu nintzen,
Egun barriaren esperoan.
Bizitza barriaren zain,
Iraganari agur egiteko nahian.

Orduko bizikidea izpiritu da orain.
Geroagoko aurkaria,
Laguna.
Agur esan aurretik,
Azal azpian geratu dana.


Hamaika urte igaro dira,
Hamaika amets eta gogo,
Hamaika dolore.
Otzarapetik jaioko zaigu bihar,
Gure bihotzeko lore.

jueves, 7 de febrero de 2013

Zorionaren mugak, gaur

Zorionaren mugak
Azal zuri baten ertzean jartzen ditut nik.
Amaitutzat emango nituzkeen hasperenetan,
bilo eraberrituan,
zure ahots doinua aldatzean.

Bi izaki mardulek zaintzen dituzte
Nire zorionaren mugarriak.
Mugitzen saiatu nintzen behin,
temati agertu zitzaizkidan, ordea.
Ezinezko lekuz aldatu,
Ezin nituen apurtu.

Amildegia dago
nire zorionaren bestaldean.
Inferno gordina.
Gau amaigabea,
izarrik gabea;
zugandik
urruntzen nauena.

Baina orain,
bestalderako bidaia prestatu behar dut
ezinbestean.
Uso zuria askatzeko,
bizitzen uzteko;
Nire zorionaren mugari bestela begiratuaz,
zure zoriona
mugagabea izan dadin.
Hala bedi!

jueves, 24 de enero de 2013

B mamua

Beldurra
animalia iletsua
itsusia
zatarra,
etorri zait gaur
goizaldean;
zu lotan
ni esna,
beti izarrik
atsedena
hartu ezinik.

Planto egin diot gaur
mamu baltz horri
otso zakar honi
deabru
zorrizto
gaiztoari

Haserre aurpegia
gogoratzen?
txikitan erakutsi nizuna
iluna.
Zerua zabaldu dut
haginka
atzaparka,
eta momorroa joan zaigu
ihesian.

viernes, 18 de enero de 2013

Agur

Hezea dogu lurra
oinazpian
trumoiak jo dau
Garondo aldean
zerurako bidean dalako
aita
laguna
gizona
Joseba

Aitzurra hartu
soloa jorratu
hazia erein
bedarra batu
goiko baserrian
sagarrondoak loratu

Eguzkia mendietan gordetzean
baserritarra sutondoan
katuak altzoan
semea lotan

eta zu
gugan