miércoles, 29 de diciembre de 2010

mirariak

Gabonak bitarteko garaiak arraroak dira oso, edo behintzat, arraro iruditzen jataz niri. Sinesten ez doguzan gauzak ospatzen doguz, gure talde irudimenak ( edo behar bada, egunerokotasunean zeozer zirraragarri sartu behar dogulako) sortutako pertsonaiak familikide egiten doguz eta hareen izenean etxeak opariz betetan doguz.
Bitxiak dira gabonak, urte beteko etsipena itxaropen bihurtzen da . Neuk be aitortu behar dot "miraria" eskatzen deutsedala, urtero Bilboko Gran Via kaletik etorten jakuzan errege magoei. Gero, jakina, miraria nik neuk egin ezean, ez da gertatzen..................
Baina batzuetan, kasualitatea, zori ona edo dana dalakoa mirariz jantzita agertzen jaku, eta esan behar dot holangoetan " miraria! miraria! aldarria argi eta ozen esatea gustuko dodala. Ibai izeneko txiki bateri gabon aldian etorri jako behar beharrezko izan dauan oparia.
Olentzero izan ete da, ala beste "sozioen" laguntasunagaz egin ete dau?

miércoles, 22 de diciembre de 2010

Bakea eta Zoriona


Arrapaladan helduko naz
zapatak kentzeko astirik barik
arnas-estuka
aurpegia hotzak gorrituta

Amamaren mahaian jarriko naz
etxeko nagusia faltan
danak etxean dagozala konturatu eta
kopa altxatuko dot ozen eta garbi esateko :

Joandakoak gogoan, datorren urtean gehiago izan gaitezala, eta ez gitxiago

Bihotz-bihotzez, fede gabe batek izan daiken indar guztiagaz :Zoriona eta Bakea guztiontzat
.
Llegaré corriendo
sin tiempo de descalzarme
mi respiración entrecortada
y roja mi cara por el frío
Me sentaré a la mesa de ama
en la que falta el señor de la casa
comprobaré que estamos todos para decir alto y claro:
Tengo en mi pensamiento a todos los que se nos han ido y deseo que el año que viene seamos mas, nunca uno menos
De todo corazón, con toda la fuerza que le queda a alguien que perdió la fe.
Paz y Felicidad para todos

lunes, 20 de diciembre de 2010

berbarik gabe

Berbarik gabe nabil aspaldian, olentzeroren astoak bedar sikua diralakoan janda, edo nire ardurabakokeriagaitik galdu egin dodazalako.
Berbarik gabe nabil eta barruan dot morokilaren antzean sortu jatan barruko marapila. Ideiak pilotu jataz, goizeko tristuraz busti eta ore gordin gordina egiten itzi dodalako
Berbarik gabe nabil aspaldian

jueves, 16 de diciembre de 2010

Bakuganak,ipuinak, perfumeak............

Olentzero maitea:

Semeak esan deust azken urteotako gutunak berak idatzi dauzala eta aurtengoa nik neuk egin beharko dodala . Hona hemen ba nire gutuna:

Aspaldi honetan nahiko modernizatuta ikusten zaitut, eta jakin dot mendi tontorreko baserrira adsl-a eroan dozula. Horregaitik, papera eta arkatza hartu beharrean, gurariak mezu honen bidez adieraztea pentsatu dot.

Semearen partez, bakuganak, koloretako arkatzak, legoak eta ordularia eskatu behar deutsudaz. Nik gauza bakarra eskatzea esan deutsot, baina tematuta dago eta " ama, lau ez da asko" erantzun deust. Bere iritziagaz itzi dot eta " beno, Olentzerok erabakiko dau" berbakaz erantzun deutsot. Azken finean, inork baino hobeto dakizu zer dan bakotxak behar eta merezi dauana, ezta?

Amarentzat perfumea eta arropa politen bat eskatu gura deutsudaz. Ondo baino hobeto ezagutzen dozu andratxu hori eta badakizu alaba eta ilobentzako gauzentzat gastatuko dauala berak, eta txakur txikirik ez bere gustuko gauzetan. Hori, ez dago aldatzerik.

Etxeko txikienentzat jostailu bardin-bardinak. Handienak Anderren gauzak gura dauz eta txikienak bere anaiaren gauza ber-berak. Ez dogu gabonetan " txikien arteko guda mundiala" eragin gura, eta horregaz danak pozik eta baketsu.

Gure neskatila panpoxarentzat , are panpoxago eta politago egoteko zeozer. Baserritarra izanda be, jakin badakit horrelako gauzetan aditua zareala. Zure esku.....

Aizta eta koinatuentzat; ba, zer esango deutsut? euren gustuko zeozer. Ezagutzen dozuz ondo. Neure partetik, bakea, zoriona eta bizitza ona eskatzen deutsut guztiontzako.

Eta niretzat, gauza berezia eskatu gura deutsut. Oso berezia............

Eskailera luuuuuuuuuze luzea behar dot Olentzero jauna,egur sendoenagaz egina ( ez bainaz ez argala ezta arina be) . Zerurainoko luzera behar dot, eguneroko pentsamenduetan gordeta dodana gauza batzuk entzun barik joan jatan eta gauzok ezin dodaz gehiago gorde.
Jakin badakit lanpetuta ibiliko zarela eta berandu nabilela , horreek gauza handiak lehenagotik eskatu behar diralako. Baina, ahalegintxoa egingo bazendu, nik biziki eskertuko neutsun.

Honenbestez ba nire aurtengo eskutitza Olentzero maitea
Nire eskariei ahal dozun moduan erantzuna emongo deutsezulakoan, Gabon Gau ederra opa deutsut.

karmele

pd: jatekoa eta edatekoa izango dozue etxean astoak eta biok