lunes, 19 de diciembre de 2011

Gau on

Eserita aurkituko nauzu
ikustezin bihurtu zaizkizunen ondoan;
irribarre zabala erakutsiko dot
zuk begietako malkoez besterik ohartu arren.

Egun argia izango da niretzat
zuk gaba beltza ikusiko dozun unean;
erdu geure ondora! ahozkatuko dozu
hemen nago! oihu egiten deutsudala entzun barik.

Gau on opatuko deutsut
Zuk eguna buruan dozunean.

jueves, 3 de noviembre de 2011

lainoa ezkerreko begian

Eskumako begia zabaldu dot
ezkerrekoa ezin
lainoa
laino
zuri
lodi
potoloak malkoak isurtzeko zulotxotik
sartu
barneratu
geratu
jat.
Malkoak lainoaren lagun egin dira.

miércoles, 28 de septiembre de 2011

Ate kolpe batez

Ate kolpe batez
Ixten dira ahoak
Isiltzen dira ateak
Mozten dira gogoak
Errausten dira hegoak

Zabal ditzagun hegoak
Oihukatu gogoak
Zabaldu ateak
Piztu ahoak

Lagun hori......

jueves, 8 de septiembre de 2011

eta haize bolada batez..........

Atzo goizean ondo finkatuta ikusten zenduzanak hankaz gora jartzen deutsuz aurpegian zirrara eta beso eta hanketan hozkirria eragiten deutsun haize bolada




Gauzak hasteko eguna etorri jaku gaurkoa, eta ohitura, eginbehar eta ardura barriak hartzen diran gogo biziz agurtu dot goiz-goizetik. Begiak zabaldu eta salto arin batez jagi naz, mutila ikastolarako bidea egiten lagundu behar dodala pentsatzean . ide erdian gengozala, bera lagunekaz berba egiten




Orain dala hamar urtekoak gogoratu dodaz eta burutik oinetarainoko dardara sentitu dot buruak haragiak baino hobeto ahazten dauzala konturatzean. Hamar




Holango pentsamendu nahasiak izan dodaz, gaurkoan gure etxeko gizonari ikastolarako bidea oinez egiten laguntzeko egin dodan bidean. Orain dala hamar urte, bestelakoa zan

domingo, 28 de agosto de 2011

uda bat odolbildu

Eguzkiak uda aldiko lehen urtenaldietako bat egin ebanean hondartzara joan ginan eta eskumako eskuko hatz txikia harrapatu neban autoko ateagaz. Lehen orduetako min jasangaitzaren ostean odolbildua izan da une hartatik geratu izan jatan gauza bakarra.
Eta hara! , odolbildua izan da aurtengo uda honetako elementurik finkoena. Herriko jaietara eroan neban sorburutik urten barri egoanean, Euskal Herriko punta batetik besterako bideak egin dauz azazkalaren erdigunea panpox eta harro hartu izan dauzan egunotan eta San Bartolomeko " aste nagusia " bizi izan dau bere bizitzaren azkenera heldu dala dakienaren modura.
Gaur arratsaldean ebagi behar dot azazkal zati ubeldua. Udak bere onenak emon dauz eta hala gertatu jako be, aldi honetan lagun izan dodan odol tanta honeri.

martes, 26 de julio de 2011

viernes, 8 de julio de 2011

ostiral mamitsua egiteko errezeta

Goizaldeko ihintza garbia
hamaiketakoan lagunari ostutako irribarrea
eguerdiko eguzki-papurrak
hurbil dodazan atseden orduen zantzua

Osagai guztiak lapiko txikian jarri eta bazkalosteko lo kuluxkak irauten dauan bitartean beratzen itzi ondoren, su handitan jarri eta bor-borrera heltzen danean, lapikokoa burutik behera bota eta gorputzari astindu bat emon.

pd: asteburu osoan iraungo dau.......

viernes, 1 de julio de 2011

erreza balitz............

erabagia hartu behar dot
ez da erreza
buruak egin deust pot
mami traketsa
argia ikusiko baneu
kanpoan pereza
errezetan jarri beharko dot
izan arte abadesa

lunes, 27 de junio de 2011

David eta Goliath

Kondairak dino David mutiko adinez gazte, tamainuz txiki baina buruz argiak harri txiki eta arin batez , Goliath adin nagusi gorputz handi eta buruz eskasa garaitu ebala. Gura beste parekotasun egin daikeguz andrak eta gizonak pertsonai honeekaz alderatzen hasten bagara, baina ez naz horretan hasiko , mila milioi David eta Goliath andrazko zein gizonezko, ahul eta indartsu, buru argi eta baldar, zahar zein gazte urtengo litzatekeezalako. Pertsona beste......
Neurri, izaera, izate, ezaugarri eta adin guztietako andra eta gizonok osatzen dogu gizateria . Danak pertsonak izanda be, urteak daroaguz emakume eta gizonen arteko auziagaz. Urteak dira eta ez mendeak, orain dala hainbat urtera arte emakumea gizonaren menpeko azpi generotzat hartzen zalako . Gizon baten saihets hazurretik sortu ei eban gizonezko jainko batek . Nork bere buruaren jabe izatearen eraginez izaten dan indarrik barik Emakumeak beste botere ez hain ikusgarriak garatzeko derrigorra eta beharrizana ikusi eban.

Emakumea bere buruaz ohartu zanean hasi ziran iskanbila eta zaparradak, agintea daukanak ez daualako agintea partekatutea atsegin eta derrigorrezko ikusten dau beretzat jo izan dauana defendatzeko borroka.
Borroka, heldu naz bada nire diskurtsoaren muinera. Urliak burua altxatu bezain pronto, Sandiak mailuagaz emoten deutso makurrarazoteko. Lehenak orduan , kolpeari kolpez erantzuten deutso beste defentsarik ikusten ez daualako .Holan hasi dira borroka guztiak , ume koskorren artekoak eta guda mundialak eta inter-estelarrak.

Baina, zer gertatuko da Urliaren irainari estoizismoz erantzuten badeutsagu? . Iraina eta hurkoa desorekatzea arma gisa erabiltera ohituta dagoanak ez ditu bere armak hain erraz baztertzen eta ez da samurra erantzun barik aurrean dogunaren erasoa jasaten dauanaren tokian egotea.

Hona hemen bada ahula eta indartsuaren artekoa, eta ugariak izan ohi dira ahultasun eta indartsu izateko gaitasun horreek. Ezagun dodaz nik gorputz makalean gorpuztutako indar paregabea eta kristolango gorputz zatian pertsona ahul eta ezebeza . Ganera, ahula ez beti izaten erasoa jasaten dauana, baizik eta arerio joten dauanaren indarrak bildurtuta, desorekatzen saiatzen dala, eta beraz erasoari ekiten deutsona.

Baina, zer egin ondokoaren edo aurrekoaren hitz edo gogoan erasotzeko asmoa antzeman dodanean? Hor bai behar dala egoerak eskatzen dauan erantzun egokia , baina momentuz puntutxoak baino ez dodaz idatziko....................................................................

martes, 31 de mayo de 2011

geroko

Gauzak geroko izteak arrisku galantak dakarz geroko hori inoizko bilakatzen dalako. Eta hori pasetan jaku (jat) derrigorrezkoak ez direnakaz, blog honetan idaztea dan moduan....
Horregatik pentsatu dot ideia " xelebrerik" ezean be idazten hasi behar dodala eta hizkiak eta hitzak pilotuten hasten jatazanean etorriko dala inspirazinoa harrizko horma bihurtu jatan txatal zuri hau betetzea lortu daidan....
Egia esan .....ondo pentsatuta, bitxia da esaldi bat hasteko modu hau, ezin dalako bestela izan , eta gezurretan hasiko banintz ipuina osatuko neuke eta ez nintzake buruari hazka hasiko gai mamitsu eta interesgarria ataratzeko ardura honegaz.
Beno, harira..... azken hauteskundeetako datu mozkorraldiaren ajeak pasatzen hasi jataz eta neure errealidade barrirako bidea egiten hasi naz. Ardura batzuk ganetik kenduta, beste batzuk hatzamar artetik jausi jataz eta buruan daukadaz oraindik azken zortzi urteotako egutegia antolatu deustien hitzorduak. Ez dodaz guztiz ezabatuko, neurri batean neure barruko bio-erritmoetako egutegia osatzen dabelako. Aurrerantzean be, ezin izango naz bizi uztailaren 25an gure aitite eta amamei eskerrik asko esan barik, azaroaren 25ean genero bortxakeriari EZ borobil irmo eta zalantza bakoa esan barik, martxoaren 8an emakume guztiei " onenak zarie" esan barik, maiatzaren 28an emakumeen osasuna aldarrikatu barik eta gabonetan gure zentroko neska-mutil guztiei opari txikiagaz doan maitasun handia eskaini barik.

lunes, 11 de abril de 2011

lainoa

Lainotuta altxatu naz gaur

behe lainoa bihotzean

kotoizko lainoa begietan

ekaitza dakarren laino baltza oinetan

lunes, 28 de marzo de 2011

gosari mingotsa

Gaurkoan, kafesne eta zerealekaz batera, albiste txarra gosaldu dot. Ez zan nire asmoa baina platerean jarrita aurkitu dot, izan daitekean zoririk txarrenak ekarrita. Esnearen gozoa mingostu egin jat. Hamabi urte izango ete dira? Ba, orain dala hilabete batzuk ikusi neban eta bardin-bardin egoan eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde kanpainan ezagutu neban neskatila alai,pinpirin ule hori graxioxa bera zan. Orduan be, denbora luzean kalera urten barik dagoenak leiho bat zabaltzean hartzen dauan arnasaldi fresko eta gozoa bailitzan hartu nebazan beragaz konpartitu nebazan denborak. Ez neban ondo ezagutzen, ez ninduen ondo ezagutzen, gure artekoak beti izan dira arinak............baina beti freskagarri eta atseginak. Asteburua burukomin ,ardura eta lanetan murgilduta emon dot , gauza guztien ganetik dagoanari behar besteko aprezioa erakutsi barik. Damu dodaz orain lelokeriengatik alperrik galdutakoak eta burugogorkeriak. Abertzale,jelkide,lagun bat gitxiago dogu lurrean, jagole bat gehiago zeruan. Agur eta ohore panpoxa!!!!!!

lunes, 21 de marzo de 2011

Hodeian bizi naz

Hausnarketarik argienak egunerokotasunik lau eta zapalenean otuten jataz eta lankideari asteleheneko barrea eragin deutson " okurrentzia" lerro honeetan islatzea pentsatu dot.

Aspalditik bizi naz ni hodeietan, eta egia esan, egunero emoten dodaz hodei hori nire etxeko hirugarren gela bihurtzeko urratsak, aste barruko egunetan egongela baino gehiago erabiltzen dodalako. Lanaren emoitzaren zati handi bat hodeian dago eta hodei artean bilatzen dodaz lanaren nekeak arintzeko aisialdiak. Hemengo eta hango gauzetaz hodeietan kulunkatuta jarduten dot eta kolore guztietako hodeietatik edaten dot egunero ikasi behar ei dan hori neureganatzeko.

Sarea botaten dot hodei artean behar dodazan gauzarik gehienak erosteko. Jatekoak ez dodaz modu horretan " oraindik" erosten,etxe azpiko fruta dendako neskekaz ,E hizkiz hasten dan auzoko dendako lagunekaz eta auzoko harakin "graziosoagaz" dodazan hiztetaldiek neuronak arintzen laguntzen deustiezalako eta kanpoko eta etxeko jarduna bereizten eta ondo kokatzeko modua dalako.

Hodeian bizi naz bestela, eta haragi-hazurrezko gorputz honeetatik urtetan naz ni neu nazen izakiak emon daizan hodei batetik besterako urratsa eta batzuetan jauzia. Pentsamendu eta usteak neuretzat gorde edo ahoz esan beharrean hodei artean zabaltzen dodaz ,hodeietako lagunak dodaz eta hodeietan emoten dodaz haragizko lagunarekin partekatzen dodazan unerik gehienak.

Inoiz entzun izan dot hodeietan bizi nazela............ baina ez, hodei artean bai, baina ez hodeietan...........

jueves, 3 de marzo de 2011

Eguen Zuri



Ondo dagoz inauteriak, eta gaur dan Eguen Zuri be bada Euskal Herriko inauteri barruko zeozer. Hainbat ikastoletako umeek gaur egunari " berea" emoteko egingo dabe " basokoipetsu" edo "txitxiburduntzi"

lunes, 28 de febrero de 2011

Hautua

Begia zabaldu baino lehen egin behar izaten dot eguneroko lehen hautua, betazalak altzatzeko ahalegina egiteko, horretarako borondatea beharrezko egiten jatalako.
Kontua da , gure bizitzako hauturik gehienak " automatikoki" egiten doguzala . Egun batean egin genduzan eta ordutik aurrera ez deutsogu geure buruari " beste aukeran " pentsatzeko denborarik emon.
Begiak zabaldu ( ala ez),goizeroko hurrengo gauzak egin ( ala ez),aurrerako pausu bat emon (ala ez), autobuserako ilaran ondokoagaz berba egin (ala ez) eta jakina, hitzegiteko gaia aukeratu......
Dana da zeozer aukeratzea, eta gauza bat lehenesten dogunean pareko izan daitekezan beste batzuk bigarren edo hirugarren tokian jartzen doguz.
Hautua da " egun on " edo beste hizkuntza bateko zeozer esatea, aukeraketa bat da " hotz da" ala adierazpena beste hizkuntza batean egitea. Pertsona elebidun edo eleanitzarentzat, hautua da beti komunikatzeko eta adierazteko hizkuntza bat ala beste hartzea.
Zapatuan buruan ondo jantzita dauan bateri entzun neutson euskarak borondatea behar dauala, eta nik horreri erantsiko neuskio euskarak beharrezko dauala bere aldeko hautua egitea,euskara ez daitela izan elebidun egiten gaituen hizkuntza , arnasa hartzeko beharrezko egiten jakun auspoa baino

viernes, 25 de febrero de 2011

Grisa

Koloreetan apalena grisa
Sentipenetan oldarkorrena tristura
Lainorik estalkorrena
Laguna

lunes, 14 de febrero de 2011

ehun

Ehun kilometrotara
ezin ditut entzun
uso mezularien bidez bidaltzen dizkidazun doinuak

Ehun metrotara
ikustezin ditut
Txingudin biltzen dizkidazun liliak

Ehun dezimetrotara
ez ditut adituko
bularretik irteteko duzun bihotzaren taupadak

Ehun zentimetrotara izaterik ez zaitudalako, ezinago bihurtuko zait ehun milimetro ezabatzeko egin nahiko nukeen jauzia



A cien kilómetros
no puedo escuchar los sonidos que envías en palomas mensajeras

A cien metros
me resultan invisibles las flores de Txingudi

A cien decímetros
no podré sentir los latidos de un corazón

Ya que no puedo estar a cien centímetros, me resulta mas que imposible dar que salto que quisiera para eliminar cien milímetros


jueves, 10 de febrero de 2011

Sortu, berba polita

Oso gustuko dot " sortu " berba. Sorreraz pentsatzean, gogora etorten jataz siku itxurea daben arboletatik bat batean urtetan hasten diran hosto berdeak, udabarrian bedarretik egun batetik bestera urtetan diran txibiritak, ume bat jaiotzean izaten dodazan sentimenduak, pertsona bat ezagutzean eragiten dan harreman barria...

Gogoko dodaz sortu horregaz batera datozen jaio, egin,asmatu,bururatu, asmatu, ernatu ; eta horreen kontrakoak ez dodaz ikusi bere egin nahi.

Baina hitza, jantzia baino ez da, arima bizia izan behar litzatekeenaren azala.
Sortu, izan daitela, egin bei

martes, 8 de febrero de 2011

B hizkiz hasten dan hitz hori........

Negu gogorrak jolastordu batzuk emoten deuskuz batzuetan, eta udabarrian etorriko jakun eguzkia erakusten deusku.

Holangoetan, eguerdiko ibilaldia egiterako orduan, buru makur eta arin ibili beharrean, gora begira ibilten naz Gran Viako arbolen adarrei begira, lehen kimu txikiak noz agertuko zain.

Atzo, eguerdiko epeltasunak animatuta, une batez geratu nintzan , eserleku sikuan jarri eta ikusteko betaurrekoak jantzi nebazan hilda moduan agertzen jakuzan adarroi begiratu bat botatzeko. Ez neban berderik ikusi, ezta kimu txikienik ere ez .

Baina, arpegiko begiekaz ikusten ez dan zeozer sentidu neban, sostengatzen gaituen lur honen erraietatik sortu dan eta adar sikuak zeharkatu gurean dabilen berde oraindik ahul baina gogotsu eta tinkoa.

Kimu horren zain nago ni, b hizkiz hasten dan horren zain, eta neguko jolastordua baino, danontzako udabarri amaibakoa izatea gurako neuke.

domingo, 6 de febrero de 2011

miércoles, 2 de febrero de 2011

lur honetan dodazan erroak gero eta sakonago.......

Kandelario lario hatxari ura dario..........
Ez dot pentsetan Amaia Zubiriak hau abestean euskal tradizinoari hain lotutan dagoan fedeari edo sinesmen elizkoiari lotu danik. Antzera gertatzen jat niri, gero eta sinesbakoago egiten nazen arren , gero eta lotuago sentitzen naz betidanik inguratu naben ohitura,tradizino eta gauzetara, nahiz eta tradizinorik gehienak hain urrun sentitzen dodan sinesmenetik etorri.
Zezeila/otsailaren 2a da gaur, kandelario eguna. Goizean ez dogu hitz egiteko denborarik izan baina seguru ama elizara joan dala kandela bete poltsarekin. Beno, agian poltsa betea ez........baina baten bat bai eroango eban aspaldiko partez auzoan ugaritu jakuzan argindar bako denboretan , sikeran argizarizko lanparatxuren bat izateko.

Kandelario gaur eta bihar San Blas. San Blas hariak, eukalipto karameluak, txokolatea, txikilin gailetak........ plastikozko boltsan sartu eta hala! barriro gauzak bedeinkatzera joango jakuz lehen ama eta orain amamatuta bizi diran andrak.Bilbon taberna batzuetan eskaintzen dabez hari bedeinkatuok. Baina, nork bedeinkatu ditu horreek? zer jainkok? Bacok agian?

Beno, bardin da, kontua da ez dakit zenbat egunetan eroan behar dala hari hori saman. Beti galdetzen dot eta beti ahazten jat. Erre egin behar ei da, baina nik batzuetan mantentzen dot maiatzera arte eta bestetan dutxan ahaztuta izten dot hurrengo gabonak heldu arte.

Eta, ez daigun ahaztu! Barikuan toketan jaku Santa Ageda bezpera. Zentzu handirik ez dauka erromatarren garaian torturatua izan zan andra italiar baten istorioa Euskal Herrian gogoratzea, baina tira, hori be elizak ekarri eta berton errotu da Ageda Arratiako, Goierriko , Aialako edo Urbasako neskatoa izan bazan moduan.

jueves, 27 de enero de 2011

jasangarria ala iraunkorra? Euskarak ezaugarri biak eta gehiago ditu

Modan jarri da gaztelaniaz " sostenible " berba diskurtso guztietan sartzea. Hitz hori erabiltea ondo dago, baina gurako neuke nik benetako esangura aztertzea. Batzuetan pentsetan dot hitz hori erabiltzen dabenek ez dakiela zer esan gura dauan.

Sostenible, que se puede sostener o mantener....... baina sostenible non? sostenible denboran akaso? sostenible gizarteak jasan ahal daualako?

Garapen " sostenible" aitatzen dogunean, " jasangarria" esan gura dogu ala " iraunkorra"? Zer bilatzen ete dogu? Denbora luzean irautea eta iraunkorra izatea ala gizartearen garapenean sufrimendurik barik mantendu ala izatea eta beraz jasangarria izatea? Bi kontzeptu ezbardin dira gaztelaniazko hitz bakar batean borobiltzen diranak. Gauzak argi eta garbi ez esatearrren,akaso?

Euskararen Aholku Batzordearen oraingo buruak esaten dau euskara baserritarren hizkuntza dala, hasierakoa, oinarrizko gauzetarako balio ez dauana. Bere " bizar guztiagaz" baieztatzen dau hori, eta baten baino gehiago errepikatu dau zalantza guztiak argi geratu daitezan. Ba beitu, hizkuntza xume eta gehiegitan gutxietsiak holango milaka ñabardura izan baditu.....

Errepublika garai haretan Euskara baserrietatik urtetan eta eskola batzuetan sartzen hasi zanean, batzuek gerra eragin eben eta horren osteko 40 urteko errepresinoak hasierako kimuak ezabatu zituen.

Hori bizi izan dogun arren, euskarak jauzi ikaragarria emon dau 35 urteotan, eta orain munduko beste hizkuntzen parean dago. Pentsatu apur batean, errepresinorik barik non egongo zan.....

miércoles, 26 de enero de 2011

ur hotzetan

ukitua
hondoratua
txof
ur harro bortitz hotzetan murgiltzen naz eta gorputzak begiak itxita erantzuten deusten arren, ur azpian arnasa hartzerik ez dodala konturatzen naz.
Gora egiteko indarrik ez dagoen nonbaitetik atara eta eup!
aaaaaaaaaaaaaaaaaahhhhhhhhhhhh lehen arnasak birikiak bete eta erre egiten deustez
igerian egin beharko lurrera iritsi gura badot, marinela dago nire zain


tocada
hundida
txof
me sumerjo en aguas frias,violentas y orgullosas, y aunque mi cuerpo responde cerrando los ojos, entiendo que bajo el agua, no puedo respirar
Saco de donde no hay , la fuerza para subir eup!
ahhhhhhhhhhhhhhhh mi primera inspiración llena y quema mis pulmones
tendre que nadar si quiero llegar a tierra, el marinero me espera

viernes, 21 de enero de 2011

Gizarte Sareak

Gizarte Sareak ekarri ebazan gogora atzo Juan Mari Aburto Bizkaiko Foru ALdundiko Gizarte Ongizate Sailaren arduradun nagusiak Zornotzan XXI. mendeko gizarte politiken inguruan emon eban hitzaldian.
" Gizarte Sareak aipatu nahi ditut, baina Facebook, tuenti eta holakoak baino lehenagokoak diren gizarte sareak"
Ahazteko bidean ditugun gizarte sareak, umeak eskolatik hartzen deutsuzan auzokoak, lanera zoazenean amamari " begiratutxo" bat botatzen deutson laguna, eskatzean konponketa batzuk egin behar dozuzanean, bere etxean bazkaria prestatzeko eta jateko tokia emoten deutsun laguna...................
Horreek danak ez ebazan berak aitatu, baina gogora ekarri gura izan dodaz. Neure burutik hasita, galtzeko bidean ( edo neure kasuan bezala, guztiz galduta) doguz bizitza alkarlanean egiteko genduan modu ha. Egun osoa etxetik kanpo emoten dogu eta etxera heltzen garenean zuloan sartzen gara eta lanak edo erosketak egiteko baino ez gara urtetan, barriro etxe zuloan sartzeko.........
Eta ez da hain denbora luzea igaro. Gogoan dot neure ume aroko baserriko lanak zelan egiten ziran. Gaur egiten ziran albokoen bedar-lanak eta hurrengo egunean etxekoak. Auzoko jaiak bakotxak bere etxean ospatzen ebazan, baina bazkal osteko kartaldia danak batera.
Aburtok gizarte sareez berba egin euskun Gizarte Ongizateak " familia zabala" dan gizarte sarea babesteko egin gura dauan lana azaltzeko. Sare honeek desegituratzeko behin betiko bidea hartzen badabe gizarte osoa desegituratuko da, " gizarte modernoetan" gertatzen dan moduan, non bakotxak bere inguru hurbilari baino begiratzen ez deutson.
Benetan gura dogu hori? Ez al da, betidanik ezagutu izan dogun gizarte paradigma hori berreskuratzen hasteko garaia? Ez al da, gizartea danon artean egiten dogula konturatzeko garaia?

jueves, 13 de enero de 2011

Jolastordua

Orain arteko negu baltzak egun batzuetarako iragarri dau jolastordua, eta hotza eta hezetasuna nagusi izan ohi diran aldian , hemen gagoz zuhaitzetako adar sikuen artean agertzen jakun eguerdiko eguzki garbi , irribarretsu potoloari begira

lunes, 10 de enero de 2011

Bidean ete da?

Gabon aldia igaro egin da eta urtarrilaren erdira sartzeko atarian gagozala, hor doguz ia begibistan otsaileko santa ageda eta holangoak.......
Beno, gabonak igaro dira eta herri honetako lurra zainetan,bihotzarren sakontasunean eta gure sen osoan gordetan dogunok aditu batzuen esanetan bidean datorren behin betiko bake adierazpen "bedeinkatua" noz etorriko zain igaro doguz.
"Gaur ez da izan , bihar agian....." esan dogu hainbatetan eta beti itsasotik bueltan ez datorren semearen zain dagoen amaren antzera. "Gaur be ez da izan, baina bihar akaso....."
Bakea ezin da baldintzatu, ezin da " pisura" saldu, ezin da neurtu edo zatikatu. Ezin dogu " apur bat" eskatu edo emon. Bakea osokoa da eta oso-osoan emon behar da, eskaini, eskuak zabalik, nork bere bihotza emoten dauan moduan.
Eta danok, bake zalantza bako eta osokoa aurrean dogunean, jezar gaitezan borobilean eta begietara begiratu daiogun alkarreri. Asko dogu egiteko.