jueves, 7 de febrero de 2013

Zorionaren mugak, gaur

Zorionaren mugak
Azal zuri baten ertzean jartzen ditut nik.
Amaitutzat emango nituzkeen hasperenetan,
bilo eraberrituan,
zure ahots doinua aldatzean.

Bi izaki mardulek zaintzen dituzte
Nire zorionaren mugarriak.
Mugitzen saiatu nintzen behin,
temati agertu zitzaizkidan, ordea.
Ezinezko lekuz aldatu,
Ezin nituen apurtu.

Amildegia dago
nire zorionaren bestaldean.
Inferno gordina.
Gau amaigabea,
izarrik gabea;
zugandik
urruntzen nauena.

Baina orain,
bestalderako bidaia prestatu behar dut
ezinbestean.
Uso zuria askatzeko,
bizitzen uzteko;
Nire zorionaren mugari bestela begiratuaz,
zure zoriona
mugagabea izan dadin.
Hala bedi!