jueves, 11 de diciembre de 2014

Goitik beherako anabasa

Hotz ditut oinak
Sutan daukat burua
Bien arteko guztia
Beroa edo,
Hezea, agian

Eskuek ez naute
Harritza gogorretik babesten
Itsu nabilela
Estropozu eginda
Lurra jan beharrean
Erortzen naizenean

Ipurdiak ez dit
Babesik ematen
Saltoka ibilita
Inguruari ez begiratuta
Zoroen modura
Jausten naizenean

Urratuta ditut belaunak
Ubelduta ipur masailak
Baina ez ditut hankak geldituko
Ez eta dantzari utziko

( ez behintzat, lur horrek nire gorputz bizia eskatzen duen bitartean, lur hezeak gorpua eskatzen ez didan artean)

miércoles, 10 de diciembre de 2014

Gitarra zahartxoa gogoan

Gitarra barria
Ez da Iparragirrerena
Ezin  leitekez berbok
Xenpelarrenak

Gitarra barria
Kanpotik ekarria
Lagunak utzia
Esku traketsetan
Neure arimara josia

Txikitako ametsak gogoan
Umetako ohiturak alboan
Gaurko zimur aldira
Ekarriak

Behin baztertutakoa
Orain lagun bihurtua
Neurera ekarria
Gitarra barria

lunes, 3 de noviembre de 2014

Hitz-zubia

Hitz batek
Mila irudi egiten ditu
Mundu guztiak irudikatzen ditu
Nireak
Zureak
Irudiz irudi bilbatzen duzu
Istorioa
Itzalezko oihala
Argizko hariz
Josia
Hitz batez egiten dut nik
Kontakizuna
Hizkiak airezko lanabes
Bihurtuta
Hitz bat esango nizuke
Euskarri bakarreko zubi hau
Eraikita
Lurrik ez dagoelako
Beste aldean

viernes, 10 de octubre de 2014

Gabon

Aspertuta nago bizitzaz

Gogaituta arnasa hartu beharraz

Nekatuta eguzkiaz, ilargiaz eta esne bide osoaz


( liluratuta gauaz, atsedenaz, betiko loaz)


Egunero ordu berean

Betiko begiarekin, betiko ordulariari begira

Mesanotxeko hautsa , berria,agian


Egunero, betiko bernarekin altzatu behar, 

betiko alfonbra malapartatu hori zapaldu 

eta betiko dutxara

Ur berria, akaso



Nekatuta nago betikoaz


"Orillo berde" nahi dut nik


Begi berriak, begirada ezjakina

Berna indarberritua, gihar gaztetua


Nola, ordea?


Nekatuta nago

Pentsatzeaz

Hausnartzeaz

Saiatzeaz

Banoa lotara

Gabon

martes, 7 de octubre de 2014

Ezer

Zer esango dute harriek ni hiltzen naizenean

Zer esango du goroldioak 

Azken jantzia egiten didanean


Lurraren ongarri

Beldarren janari

Egiten naizenean


Zer esango du nitaz munduak

Zer esango du nitaz semeak


Ezer gutxi

Ezer on


Bakarrik utziko ditut paper zaharrak, inoiz irakurriko ez diren hitzak eta liburutegiko hautsak

Bere horretan egongo dira nire orrialde belztuak, liburu mardulak, adierazpen ahaztuak

Nork irakurriko dituen horren zain, berriz ere


Haizearen kanta entzun nahi nuke orduan

Behekaldeko errekaren arnasa

Goiko trumoiaren aiena

Lurraren dardara

Barruan hartzen nauenean



Ez nazazue kutxan sartu

Ez harriz  espetxeratu

Ez eta adreiluz  edo porlanez itsutu


Hezea nahi dut ukitu

Lur bustia nire azal zimelduan

Lur bizia  okel ustelean

Ustelaren ustelaz

Egin gaitezen bat

Egin nadin behingoz

Biziaren lagun

jueves, 4 de septiembre de 2014

Argi hila



Labeko argia apurtu jat

Barrukoa, bai

Pastela ikusten laguntzen dauana

Gau beltzeko ilargia, arimarena


Ez du balio gauza handirako

Ez bada legatza eginda dagoela ikusteko

Ogiaren gorria antzemateko

Afaria prest dagoela jakiteko


Harrezkero ez dut ikusten

Ez dut sentitzen

Ez dut asmatzen

Janaria ez jat ondo egiten


Labeko argia apurtu jat

Barruko izpia

Emoten deust daukadala

Ordutik bihotza hila

jueves, 29 de mayo de 2014

Klink



Klink
Botoia sakatu
A1
Zerbitzua eskatu
Esker onez pagatu
Klink
Zerbitzua amaitu

Harrak batzuetan
Zerura begiratzen dau
Arrano izan gura dau
Gorputza arin sentitzen dau
Bere barruan

Saiak noizik behinean
Irribarre egin gura izaten dau
Eder agertu gura dau
Lumaz jantzitako burua ikusten dau
Ametsetan

Makinatxoa
Pozik egongo litzateke
Egun batez ,sikeran
Harraren lekua hartuko baleu
Lurraren samurtasunean bero
Argindarraren hoztasunetik urrun

Baina, ezin

Hortxe dago, bakarrik
Isilik
Bezero apetatsua hurreratu eta
A1 aukeratu arte
Zure gozokia, eskerrik asko
Esan eta,
Irribarrea ordainetan

martes, 29 de abril de 2014

Hamabietan

Esku txiki bigunak,zureak

ene eskuen artean.

Begi hunkitu bustiak,nireak

Zure  dirdiran murgilduta.


Maite zaitut, amatxuk maite zaitu- esan neutsun,

Malko itsasoan,

Irribarre saldan,

Dar-dar batean.


Eguerdiko hamabiak ziran,

Hamabiak, puntu-puntuan.

Orratz txikitxua,

Bere amatxogaz alkartzen dan lipar gozoa .


Gaur hamabi urte

Sortu nintzan,

Egin ninduzun,

Izan zintudan.


lunes, 24 de febrero de 2014

Agurrik ez

Ez dodaz ahaztu gura

oroimenak,

mingarriak badira be

ez dodaz burutik eskapetea gura

harresia egin behar badot

harri eta porlanagaz

egingo dot

arantzakaz

beira zatiekaz

babestuko dodaz

zorion txatal horreen artetik

bakarrak alde egin ez deidan



Amamatxu bat, edo bi

Txikitxuak

Aititeak...... Lau edo hamabi

Kankailuak.

Asto txiki bat

Bedarra ekarteko,

Mando handi baldartxua

Jaten emoteko.


Txakur alai bat

Txibi gozoa,

Oldar gorri zorriztoa

Jai gurea,

Gero Troski

eta Troski bigarrena


Amamatxu bat

Edo bi

Amantalakaz biak

Atarian.

Aitite bat....

Lau edo hamabi

Kankailuak

Sega eta aitzurragaz

Soloan


Ez dodaz ahaztu gura,ez

Ez deuste alde egingo