miércoles, 17 de diciembre de 2008

Abertzalea naz

Eta ez naz bizi igaro dan mendeari begira. Aurrera begira bizi naz , jakin badakidalako kalean atzera begira ibilten banaz, argi,zakarrontzi edo beste pertsona baten kontra talka egingo dodala. Zentzudunena da , beraz, aurrera begira ibiltea eta ez ikusi ezinezko gauzetan pentsetan ibiltea edo ibilitakoari arreta guztia emotea.
Patriketan eta motxilan daroat ni nazena, asabek emon deustena eta nik neuk bizi izandakoa, baina aurrera begira ibilten naz, begien aurrean dodazalako emon beharreko urratsak.
Abertzalea naz eta gaur egungo abertzalea. Nire amama biek buruko zapia eroaten eben, baina nik ez dot eroaten. Nire aitite biak ez ziren hil arte baserritik urten eta nik mundu osoan jarri dot nire begirada.
Abertzalea naz , nire inguru hurbilean sinesten dodalako eta asmoa mundu osoan dodalako. Txikia izanik, nire izena eta izana aldarrikatu gura dot mundu osoan.
Abertzalea naz , ez dodalako bardindua izan gura. Ezberdinek osatutako munduan dot nire asmoa.
Think global, act local
Osotasunean pentsatu, tokian toki jardun
Abertzalea naz. Inguratzen nauena dot begietan eta mundu osoa asmoan

jueves, 4 de diciembre de 2008

Ez erabili aberria

Abertzalea danak
ez dau aberrikidea erailtzen
abertzalea danak
ez deutso
auzokoari
tiroz berba egiten

Ez aitatu aberririk
bizitokia apurtzeko,
bihotza lehertzeko,
ingurua zikintzeko,

lehergailua
arma
gorrotoa
erabiltzen badozu

ez aipatu Euskadi
zure pozoinaz
bazterrak nahasten badozuz

Edozein beste hitz hartu daikezu

Izan zaitez pilotazale,
pipazale,
ardozale,
tirozale,
bertsozale
baina sekula ez,
abertzale

viernes, 14 de noviembre de 2008

Ezin Ahaztu

Azaroaren 14a , urtarrilaren 25a bezalakoa da, bardin bardina. Batzuetan izaten da astelehena eta beste batzuetan izan daiteke jai eguna. Egunak berez, bardinak dira. Ezbardina beti egutegiko egun zuria eta bilusiarentzat, gertakariekaz , gogoakaz, poztasun eta tristurakaz egiten dogun jantzia.

Aberriaganako harreman estua izaten irakatsi eustena dot gaur gogoan, buruan eta ia azalean be. Bera omentzeko eta gogotik, burutik eta azaletik kendu gura ez dodalako, hementxe jarriko dodaz berak hain gogoko eban abesti baten hitzak. Abestea maite eban baina uste dot maiteago ebala abestia alabari entzutea.

Goizetik arratsera
zu zaitut gogoan.
Zuri begira beti
nahiz egonik lotan.

Euskalerriko mendi
itsaso bazterrak
politak izan arren
zu ederragoa.

Badet bihotzean
maite lilugarri.
Zugandik ezin banaiz
urrutian bizi.

Atoz ene maite,
atoz bai nerekin,
nigarra begietan
zu ezin ikusi.

Agur ama nerea,
ez zaitut ez ahaztu
agur ama nerea
agur, agur, agur.

agur aita, ez zaitut ahaztu

miércoles, 12 de noviembre de 2008

kongresura noa......................



Beti da ona gauza barriak ikastea................

Barriro eskubideak bueltan

Eskubidez betetako gizartean bizi gara eta beste gauza batzuekaz gertatzen dan moduan, bakoitzak dauka berea. Nik neurea, zuk zeurea, berak berea....................
Eta batzuetan, sarritan, gura baino gehiagotan gertatzen da baten eskubideak bestearena zapaltzen dauala. Orduan, nire galdera da : eskubide izaten jarraitzen dau ? zer eskubide da hori zapaltzen dauana?
Greba eskubidea danok daukagu, batzuek eskubide hori erabiltzen ez daben (dogun) arren. Baina, non ote dago greba " ez egiteko" dogun eskubidea? Zer gertatzen da greba egiteko "derrigorra" inposatzen denean? Zer moduzko eskubidea da hori?
Adierazpen eskubideagaz gertatzen dan moduan. Nik nire iritzia emoteko eskubidea dot eta hori ez deust inork ukatuko. Baina, nire iritzia inoren hormetan adierazteko eskubidea dot?

Gaur derrigortuta sentidu naz, gura ez dodana eta are gehiago, gustuko ez dodana egitera derrigortua izan naz.Non ete dago nire eskubidea?

martes, 14 de octubre de 2008

Omenaldia

Denborak aurrera egiten dau eta beragaz daroaz Euskadik bizi dauzan aldirik latzenean hazi ziren euskaltzaleak. Oraingo honetan Iratzeder joan jaku. Lerro honeekaz omendu gura dot eta gogora ekarri Gernikako bonbaketaren ostean Euzko Deya egunkarira bialdu eban bere lehen lana. Ordura arte Xabier Diharce izan zana Iratzeder ezizenez ezagutua izango zen aurrerantzean.

GERNIKA

Zure kantu sarkorra
entzun dut gau huntan
Aditu izan nuen
jadanik askotan:
Bozkarioz bihotza
gainditzen zitzaitan.
Gaur egin dut gogotik
nigar ilunbetan...
GERNIKA!...

Ikhustan zaitut hilen
herria iduri:
Etche aurtikiz baizik
ez zare igeri...
udaberria irriz
dago munduari
harri beltzetan lore
guti zait ageri.
GERNIKA!

Orai datza ohiko
Kartago bezala
Paret beltz handi batzu
baizkik ez dauzkala
Jazko eskualdun iri
haren gorputz-hila
Nigarrik egin gabe
nola ikhus? nola?
GERNIKA!

Choratzen,ilhuntzen daut
hitz horrek bihotza
Mendek jakinen dute
haren zorigaitza...
Numanze ta karthagoz
ez gintezke mintza
Fierki erran gabe:
Euzkadin,han,datza:
GERNIKA!

Hil da zïnez Euzkotar
eta katoliko
Español gorriari
iharduki dako
Caltchagorri churiak
hartaz,jabetzeko
ifernutik athera
ditu tresna asko.
GERNIKA!

Zerua oldozturik
dathor iduzkia;
Euzkadirat jinen da
goiko Justizia
Ez fachizt,ez komunizt
JEL´tiar garbia
Biziko naiz ospatuz
Martir bat handia:
GERNIKA!

jueves, 9 de octubre de 2008

Agur eta ohore, maisu Gotzon

Euskera erraietan daroagunok negar egiteko eguna dogu gaurkoa. Bardin da , neure moduan, euskara xume eta apala izatea, edo gure hizkuntzaren Olinpoan erabiltzen dabena bada. Euskara bihotzean daroanak jakin badaki Gotzon Garatek berarentzat "mundu hobe" hori dan hartarako bidea hartu dauala.

Beti gertatzen da. Heriotza orduan gogoratzen doguz pertsonak bere bizitzan egin dabezanak eta une honetan be hori dogu begien aurrean. Eta, jakina! Ezin da bestela izan. Gotzon Garate dogu euskerearen alde asko eta asko egin dauan pertsona.

Baina , ez da hori nik gaur azpimarratu gura dodana . Gehienetan ekintzek itsutu egiten gaitue eta ez deutsogu kasu egiten ekintzen ostean dagoenari, hau da, gogoari, bultzadari, sortzeko arrazoiari.

Batzuek adierazten dabe euskerearen alde dagozala, beste batzuk ez dira kontra agertzen, badagoz batzuk nagusitan ikasten jartzen diranak eta beste batzuek beren bizitza osoa emoten dabe ikasten. Ekimen guzti-guztiak dira onak eta beharrezkoak. Baina, kontua da, zerk mugitzen gaitu horretara? Zergatik emoten doguz pausuak? komeni jakulako? etekina atarako dogulako? gure bizitza euskaldundu gura dogulako? asaben hizkuntza dalako?.....................arrazoiak mila eta danak zilegi

Gotzon Garateren arrazoia maitasuna izan zan, hori baieztatu dabe ezagutu ebenek eta hori dario bere lan guztiari, agerikoa dalako bihotza bere lan guztietan.

Euskerea bihotzean, sabelean,eskuetan,begietan eta oin puntetan daroagunok jakin badakigu zer dan hori. Horregatik, gaur ezin izango doguz malkoak begietatik kendu.

Agur eta egun handira arte Gotzon, seguru nago hasia zarela zerua euskalduntzen.

lunes, 6 de octubre de 2008

Lehendakari, agur

Inoiz baino sendoago, inoiz baino irmoago esan behar dogu orain nor garen eta zertara jarri garen politikagintza mundu honetan. Atarian doguz herri honen geroa baldintzatuko daben hauteskundeak eta Alderdiaren oinarriaren lana erakusteko aldia etorri da. Buruak ez dau oinarria eroan behar. Arrakastatsu urteteko, oinarriak hartu beharko dau burua eta gorenera eroan. Horretarako, pertsona bakar baten modura jokatu beharko dogu, hautagaia lepoan hartu eta egin aurrera............

lunes, 14 de julio de 2008

Ahozko labankadak

Bortxakeria ezaguna dot, herri honetan eta esango neuke Lur planeta honetan bizi diran guztiek ezagutzen daben modu berean.
Bortxakeria zuzena pertsonen kontra, fisikoa, ukabilkadaka, armen bidez edo ostikoka emoten dana.
Bortxakeria gauzen kontra, eta are bortitzagoa, danonak diran gauzen kontra danean: Zakarrontziei ostikoka, zarama kontainerrak erretzea, autobusetako kristalak apurtzea edo neumatikoak ziztatzea, inoren etxeak margoztea, inoren argazkiak karteletan jartzea...
Ohituta gagoz herri honetan holango gauzetara. Hitz egiten ez dakienak bortxakeria erabiltzen dau berea erakusteko, berea inposatzeko. Hitz egiten ez dakienak ez daki entzuten eta ez dau ikasi gura, bere etxeaz arduratzen da eta inorenak ez dau kezkatzen, gizartea erabiltzen dau bere onura hutserako .
Ahozko bortxakeria, bihotzera, burmuinera eta arimara zuzendutako ahozko labankadak beldurra sortarazoteko, besteen bihotzak zimurtzeko, kokiltzeko, beren taldekoa ez dana mutu eta mugitu ezinik geratu daiten.
Edozer egiteko gai danaren boterea, besteen bizitza eta askatasuna errespetatzen dauanaren aurrean. Jakin badakie botere hori daukela eta erabili egiten dute. Bai horixe!
Galdera da: zelan jokatu horren aurrean babesteko ? zelan egin gogo ona, hitza ,bakea eta negoziaketak bortxakeriaren gainetik egin daian?

martes, 8 de julio de 2008

Gauza bera, behin eta berriz

Euskararen eta bestelako hizkuntzen eskubideaz, atzokoan irakurri nuen Bizkaiko egunkari bateko iritzi artikulua eta hasiera bateko ikara eta harridura, haserrea bilakatu zen. Antza danez, behin eta berriro errepikatu beharra dut gauza bera eta ez nuen ordu erdi eman erantzuna idazteko eta egunkarira bialtzeko, " zuzendariari gutunak" atalean argitaratua izatea eskatzeko.
Bidezko ikusten dut hemen ere argitaratzea , Bizkaiko egunkari horren zain nagoen bitartean

Efectivamente Señor Guevara, el euskera es un derecho
Como derecho de igual calado es el castellano, el francés, ingles, flamenco, y resto de idiomas del mundo.
He de decir que ,habiendo leído esa palabra que para mí significa tanto, he visto que para usted no significa lo mismo; o dicho de otra manera, para usted, es diferente el derecho a usar el euskera o el derecho a usar el castellano u otro idioma.
Partamos de un hecho objetivo y en el que creo que ambos estamos de acuerdo. Tanto el euskera como el castellano son los idiomas de este pueblo vasco. Yo, que recibí mis primeras palabras en euskera, fui después alfabetizada en castellano. Y, no voy a entrar a especificar las razones por las que resultaba imposible una alfabetización en euskera cuando yo ingresé en la escuela (tengo 41 años, es fácil de adivinar)
No reniego del castellano, es también mi idioma, como en su misma medida es el inglés y espero que en breve pueda ser el idioma francés. Pero tengo que comunicarle que en esta Comunidad Autónoma del País Vasco en la que coexisten dos lenguas oficiales (quiero suponer que en igualdad de condiciones) me resulta totalmente imposible ejercer mi derecho a que toda mi vida dentro de la Comunidad Autónoma del País Vasco sea en euskera. ¿Es acaso una locura? ¿No tengo ese derecho?
Tengo derecho a ir a cualquier establecimiento hostelero y pedir lo que desee en euskera, tengo derecho a que en la administración (sea vasca o no) se me atienda en euskera, tengo derecho a tramitar un crédito en euskera, a comprar una casa, y vender un coche.
Mi derecho esta siendo vulnerado segundo a segundo porque en muchas consultas médicas no saben hablar euskera y tengo que cambiar mi registro, en muchos sitios no puedo ni pedir un café con leche y mucho menos solicitar la cuenta. ¿Donde esta mi derecho?
Estamos de acuerdo ¿verdad? El euskera, como el castellano, es un derecho, no un deber. Estoy segura que usted tiene garantizados en castellano, todos los servicios que acabo de relatar
Karmele Aurtenetxe

jueves, 3 de julio de 2008

goitik beherako pertsona, bai andrea!

Jakina eta ezaguna da Ingrid Betancourt andrea askatzea lortu dauala Colombiako ejertzitoak. Zorionak ba ekintza horretan parte hartu daben guztioi eta zorionak zain egon diran senideei. Datozen egunotan izango dogu gai honen inguruko informazio nahikoa eta izango dogu zer kontatu eta hausnartu.
Irratian entzun dodaz Ingriden adierazpenak eta gustora ganera. Sei urtetako sufrimendu latzaren ostean, indarra, maitasuna eta itxaropena baino ez dau erakutsi . Benetan hunkigarriak bere hitzak eta honeen bidez adierazitako izaera .
Esaldi bategaz geratu naz bereziki: hurrengo askatuak izan daitezala prozedura negoziatuaren bidez.
Bai andrea, hala bedi han eta hemen!

miércoles, 2 de julio de 2008

derrigorra versus eskubidea

edo eskubidea versus derrigorra, bietara ulertu ahal da eta bakotxak izango dau bere gogokoa.
Bizkaian argitaratzen dan egunkari bateko lehen orrialdean irakurri dot Eusko Jaurlaritzak merkatariak derrigortuko dauzala zerbitzua euskeraz be emon dagien. Lau urteko epea emoten dau langile batzuk euskalduntzeko. Eta, barria oraindik ondo eta sakon irakurri ez dodan arren, seguru nago Jaurlaritzak bestelako laguntasunak be eskainiko dauzala, bestelako arlotan egin izan dauan moduan .
Apropos erabili dau egunkari horrek " derrigortu" aditza. Apropos eta asmorik txarrenagaz. Ez dot media horren izenik aipatuko- publizidaderik ez deutsot emon gura- baina hori da eta izan da beti bere estiloa maila guztietan: garrantzizkoa ez da albistea zuzena edo egiazkoa izatea, hori ez; bilatu beharrekoa titularra da eta egunkariak saltzea- eskubide errespetagarria beste aldetik.
Eta " derrigorra "aditza aipatu dau , egunkari horretako zuzendari jaunek jakin badakielako zelango eragina dauan aditz horrek biztanleengan, pertsonengan, hiritarrengan. Inork ez dau gogoko aditz horren esanahia, errepresioa esan gura daualako, mehatxua eta inposaketa.

Baina, nik, beste aditz batzuk botako neukez danon artean hausnarketa egin daigun. Zer gertatzen da EZINEZKO gertatzen danean Euskadin - euskara eta gaztelania izanik hizkuntza ofizialak- nire etxe azpiko tabernan EZINEZKO dodanean kafesnea, baso bat ur eta txorixo otartekoa eskatzea?

Hori derrigorra da, derrigor krudela. Euskaraz bizitzeko eskubidea dot Euskal Autonomi Erkidegoan, hau da, Euskadin. Eusko Jaurlaritzak nire eta hiritar askoren eskubidea bermatu gura dau eta bihotzez, nire eskerrik beroenak emon gura deutsodaz eta zorionak , hartu dauan aukera ausartagatik.

lunes, 16 de junio de 2008

Happy Thinking

Posted by Picasa

Etengabe Thinking...

Posted by Picasa

Hausnarketa..........Thinking gaur, bihar, etzi...

Zapatukoaren ostean, atzo argazkitxo bat baino ez neban agertu, zapatuan BECen bizi izandakoak oraindik buruan egiten eustelako bor-bor.
Mundu globalizatuak mugitzera behartzen gaitu. Gelditzeak, beragaz ekarten dau atzera egitea eta une honetan, inoiz baino gehiago. Gure herri txiki honek indarra badauka, aberria badauka,Alderdia badauka aurrera egiteko. Egia da, esango neuke apur bat atzeratuta ibili garela aspaldi honetan , baina inoiz ez da berandu trena hartzeko; eta, kontuan izan behar dogu, oraingo honetan Abiadura Handiko Trena dala. Beraz, geuk be abiadura bizian ibili beharko dogu makina horreri tinko eta sendo ebatzeko, eta erdiko edo atzeko bagoian geratu beharrean, burura joateko eta lehenengoekaz gure tokia bilatzeko. Hori, inortxok ez deusku emongo, guk geuk irabazi beharko dogu.
Mila urteko hizkuntza zaharra eta aldi berean barri barria, eguneratze eta normalizatze prozesuan dagoena, oraindik danon beharra dauana maldan behera ez joateko.........
Holango hizkuntza batek ba al dauka lekurik bardintasunera , uniformizaziora eroaten gaituen globalizazio honetan? Nik ez daukat zalantzarik. Euskalduna naz eta euskeraz bizitzen saiatzen naz eta egunetik egunera euskal esparru barriak lortzen dodaz. Ganera , elebiduna izanda, errezago egiten jat hirueledun, laueledun,bosteledun izatea. Nork esan dau muga bat dagoala?
Bihar...........gehiago

domingo, 15 de junio de 2008

miércoles, 14 de mayo de 2008

Zer aberri saldu gura deuskue?

Zer aberri saldu gura deuskue pertsona bat hiltzen dabenek? zer aberri tortura ontzat hartzen dabenek? zein da etxe ondoko kartzela batera eroan beharrean, familia eta ingurua be zigortzea egoki jotzen dabenen herria? zein da beti inoren etxea, inoren autoa , denon zarama ontziak zikintzen , erretzen eta apurtzen daben aberri hori?
Ez da nirea aberri hori, benetan diotsuet. Ez da nirea heriotza, lapurreta estortsioa, tortura erabiltzen dauan aberri egitasmoa, ez da nirea.
Euskalduna naz eta abertzalea. Ez da orain nire alderdi politikoa aipatzeko unea, baina zinez diot, EUSKALDUNA NAZ ETA ABERTZALEA, Euskal Herria, Euskadi, Euzkadi maite dot, baina ez dot hiltzaileen aberri hori erosi gura. Ez dot nahi, ez dot usindu ere nahi.
Baten batek, batzuek pasa dan goizaldean pentsatu dabe beren aberri horrek merezi dauala pertsona bateri bizitza kentzea.
Nire Aberriak ez dau hori merezi, ez dau hori gura.

miércoles, 23 de abril de 2008

"El nacionalismo linguistico,una ideologia destructiva"

Ez dot nik esan hori ( betidanik pentsatu dodan arren). Juan Carlos Moreno Cabrerak idatzi du liburu barria izenburu horregaz eta bereziki harritu nau komunikabide batean esan dauanak.

Esan beharra dago Moreno jauna Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Linguistika Orokorreko katedraduna dela eta honako liburu hauek argitaratu ditu "Lógica Formal y Lingüística" (1987), "Fundamentos de Sintaxis General" (1987), "Lenguas del Mundo" (1990), "La lingüística Teórico-Tipológica" (1995), "Diccionario de Lingüística Neológico y Multilingüe" (1998), "Curso Universitario de Lingüística General" (2ª ed. 2000), "La Dignidad e Igualdad de las lenguas" (2000), "Semántica y Gramática" (2003) e "Introducción a la Lingüística" (2. ed. 2004).

Horrez gain, español hizkuntzara egokitu du "Enciclopedia del Lenguaje de la Universidad de Cambridge", hainbat artikulu argitaratu ditu mundu mailan hizkuntza aniztasunaren egoeraren inguruan eta UNESCO erakundeak " Munduko hizkuntzen gaineko Txostena" egiteko antolatu zuen lan taldean egon da.

martes, 22 de abril de 2008

Heriotzarako bidean dago

Gaur, behin itzultzera ausartu nintzen Pablo Nerudaren olerkiaz pentsatu dut


Heriotzarako bidean dago bidaiatzen ez dena,
irakurtzen ez duena,


Heriotzarako bidean dago
norberarenganako maitasuna suntsitzen duena,
laguntasunari uko egiten diona.

Heriotzarako bidean dago
ohituraren morroi
bihurtzen dena,
eguneroko bideak
eginez
marka aldatzen ez duena,
soinekoaren kolorea aldatzen
ez duena ,
ezezagunarekin mintzatzen ez dena.

Heriotzarako bidean dago
pasio bat eta berarekin datorren zirrara zurrunbilotik
ezkutatzen dena,
begiei dirdira ekartzen duten horiek
hain justu ,
eta bihotz apurtuak berregiten dituztenak.

Heriotzarako bidean dago
bolantea biratzen ez duena
lana edo maitearekin
zoritxarreko denean,
egiazkoa eta balizkoa ametsaren bila joateko
kolokan jartzen ez duena,
bizitzan behin ere aholku zentzudunetatik
ihes egiten ez duena...

bizi zaitez gaur!
ausartu gaur!
egizu gaur!
EZ EZAZU ZORIONTASUNA GALARAZI!




lunes, 21 de abril de 2008

Domeka osteko astelehena

Domeka osteko astelehena, barriro martxa hartzeko beharra dogu eta gorputza aurreko egunetako patxadan egon gurean dago. Baina, ze ondo ibilten garen koadrilan!!!!!!!!

lunes, 7 de abril de 2008

Iraina lagun........

Umeak hasarratzen diranean ( beno, eta hain umeak ez direnak be) une honetan burura etorten jakezan berbarik zatarrenak botatzen dabez. Normalean, nagusiei entzundakoak izaten dira edo euren artean ikasitakoak. Gorputz atal batzuei egindako erreferentziak, inoren amaren ingurukoak edo bestela adimenari edo gorpuzkerari buruzkoak.
Umeak aipatu dodaz eta aitortu behar dot jokaera horiek nagusienak dirala batez be. Gure hasarrea, nazka eta desadostasuna azaltzeko erabiltzen doguz , berba horreek sorgin gurpilera eramango gaituela ikusi barik.
Asteburuan ikusi izan dogu euskal politikagintzan jokaera horreek nagusitu egin dirala eta gauza harrigarriak ikusi doguz. Lotsa guztiz galduta, iraina erabiltzen hasi dira batzuk beren desadostasuna adierazteko. Ez dabe denborarik galdu beren ikuspuntua adierazteko edo aurkakoak ulertzea lortzeko. Horrek beren helburua betetzen lagunduko ez deutselakoan, zuzen zuzenean joan dira aurkakoaren oinarriak ezabatzera, hau da, pertsona guztiei zor jaken duintasuna ezabatzera.
Erreza da personaren ospe ona zorutik botatzea. Urteetako lanagaz lortzen dana,asmo txarrez esandako berbakaz ezabatzen da, indargabetzen da. Eta horretan ari dira batzuk azken egunotan.
Ondokoak eginiko gaiztokeriak ez dau norberarenak justifikatzen. Horixe da nire "mantra", inork kalte egin nahian dabilela somatzen dodanean. Baina zelangoa izan beharko litzateke defentsa eraginkorra arerioak bere helburua lortu ez daian? Argi dago neurri bereko erasoak lehen aipatutako " sorgin gurpilera " eroango gaituela. Orduan, zein da urtenbidea? zein jokabide artesa eta onuragarria?
Helburu ona izan dadila ekaitzaren aurrean lotuko garen harkaitza sendoa eta errespetua eta jokabide zuzena izan daitezala harkaitzera lotzeko sokak. Ekaitza bortitza bada be, soka sendoa bada eta harkaitza ondo errotuta badago, ez dogu beldurrik izateko arrazoirik.

miércoles, 2 de abril de 2008

Ama, irakurri ipuin bat.......


Semeak ipuina irakurtzeko eskaerea egiten deusten bakoitzean, eztabaida hasten dogu berak ipuin batzuk gurago dabezalako eta nik be nire zaletasunak dodazalako. Zer esanik ez dago berak aukeratu behar dauala, baina batzuetan konbentzitzea lortzen dot eta oraingo honetan gomendatu gura dodan ipuina irakurtzen dogu.
Bihotz xixtada, Gatuzain Editions GATUZAIN Argitaletxea. BP 2 64480 LarresoroTel: 06 16 92 46 50 06 86 62 90 34 gatuzain@wanadoo.fr .
Seme-alabekaz sentimenduetaz hitz egiteko eta gure etxeko txikiei euskararen aniztasuna erakusteko aukera paregabea eskaintzen dau.

lunes, 31 de marzo de 2008

Arantza bifidoa

Arantza bifidoa: Bizkarrezurraren malformazioa, omo-arkuen bi erdiak ez direlako behar bezala soldatzen. Arraila edo fisura horretatik orno-muina eta meningeak irten daitezke, larruazalaren azpian tumore-moduko bat sortuz, tamainaz oso aldakorra. Normalean eskualde lunbo-sakroan kokatu ohi da.
( EUSKALTERM)

Definizio bat, ezaugarri bat hitzez mugatzeko erabiltzen dogu eta oso baliagarria izaten da gauzak, ezaugarriak eta gertakariak ulertzeko; baina batzuetan hitzek ez dabe emoten ulermena borobiltzeko informazio nahikoa.
Zapatu goiza emon neban Zornotzan Arantza Bifidoaren inguruan antolatu zan jardunaldian. Hainbatetan entzun dot nik arantza bifidoa gaisotasun genetikoa dala eta haurdunaldian azido folikoa hartu behar izan neban nire umeak bizkarrezur itxia izateko. Baina, egia esan, ez nekien gauza handirik eta suposatzen dot, ordu pare batean entzundakoak ez nauela oso-osoan jantzi, baina bai emon deustela ikuspegi zabalagoa.
Ikusi eta ikasi.Gogora ekarri gura dodaz detaile txikitxu batzuk:

1.- Jardunaldiak egokitu gabeko behe areto batean egin behar izan ziran Areto Nagusia ( holako gauzetarako aproposagoak) ez dagoelako gurpildun aulkiak igotzeko egokituta.
2.- Atsedenaldian kafea hartzera joan ginan eta denak ziren oztopoak: bidea gurutzatzeko orduan, zoru desegokia, mailak leku guztietan.....
3.- Oin eta hanka erabilgarriak ditugunok ez gara ohartzen zenbat oztopo jartzen deutseguzan gurditxoei eta makuluekaz ibili behar dabenei : espaloietan aparkatzen dogu, maila apaingarriak jartzen doguz leku guztietan....... Ez litzateke ideia txarra izango egun batez denak joango bagina gurpildun aulkitxo batean

miércoles, 26 de marzo de 2008

2008ko Aberri Eguna


Euria ia hezurretaraino, hotza, harri baten gainean igota ....... Argi eta garbi ikusi genduan holakoetan ikusten eta ezagutzen dirala benetako abertzaleak. Pazko domekako zeregina Bilboko Plaza Barrira joatea da. Batek galdetu eustan : Bilbora zoaz? Eta nik: " jakina, galdetzea be....." . Bere aurpegian ikusi neban harridurea izan zan ni harritu eta kezkatu ninduena....

martes, 25 de marzo de 2008

domingo, 23 de marzo de 2008

Gora Euskadi askatuta!

Gaur da Aberri Eguna

Ikurriña eskegi dot nire etxeko balkoian. Gaur, 2008ko martxoaren 23an euriak nire leihoetan egiten eban zarateak iratzartu egin nau eta Euskal Aberriaren eguna izanik, Ikurriña eskegi behar nebala gogoratu izan dot. Nire lehenengo pentsamenduak , urteroko ohiturari kasu ez egitea izan da eguraldi zatarrak gurasoek emondako ikurriña zaharra busti eta zapuztu egingo ebalakoan . Baina, ondo pentsatuta.......
Ez al dau aberriak aurrera egin behar aro zatar eta latzak bizi arren?
Gorri-zuri-berdea jarri dot orduan bere abertzaletasunaz ohartu zan berraitite Manugatik, Upomendi itsasontzian erail eben aitite agustinengatik, ikurriña txikitxua umea nintzela erdi ezkutuan erakutsi eustan aita sabinogatik, kartzelan egon zan guadalupe izekoagatik........
Eta ikurriña jarri dot nire etxeko balkoian , nigatik eta ander nire semeagatik. Nire aberriak bizirik dirau eta aurrera egingo dau nire semearen belaunaldiari esker be. Baina, horretarako, ni naz orain nire aberriaren zaintzailea. Nik emon behar deutsot indarra eta arnasa. Nik jarri behar dot ikurriña , egun batean nire semeak jarri daian.
Gora Euskal Aberri bizia eta indartsua.