lunes, 28 de febrero de 2011

Hautua

Begia zabaldu baino lehen egin behar izaten dot eguneroko lehen hautua, betazalak altzatzeko ahalegina egiteko, horretarako borondatea beharrezko egiten jatalako.
Kontua da , gure bizitzako hauturik gehienak " automatikoki" egiten doguzala . Egun batean egin genduzan eta ordutik aurrera ez deutsogu geure buruari " beste aukeran " pentsatzeko denborarik emon.
Begiak zabaldu ( ala ez),goizeroko hurrengo gauzak egin ( ala ez),aurrerako pausu bat emon (ala ez), autobuserako ilaran ondokoagaz berba egin (ala ez) eta jakina, hitzegiteko gaia aukeratu......
Dana da zeozer aukeratzea, eta gauza bat lehenesten dogunean pareko izan daitekezan beste batzuk bigarren edo hirugarren tokian jartzen doguz.
Hautua da " egun on " edo beste hizkuntza bateko zeozer esatea, aukeraketa bat da " hotz da" ala adierazpena beste hizkuntza batean egitea. Pertsona elebidun edo eleanitzarentzat, hautua da beti komunikatzeko eta adierazteko hizkuntza bat ala beste hartzea.
Zapatuan buruan ondo jantzita dauan bateri entzun neutson euskarak borondatea behar dauala, eta nik horreri erantsiko neuskio euskarak beharrezko dauala bere aldeko hautua egitea,euskara ez daitela izan elebidun egiten gaituen hizkuntza , arnasa hartzeko beharrezko egiten jakun auspoa baino

viernes, 25 de febrero de 2011

Grisa

Koloreetan apalena grisa
Sentipenetan oldarkorrena tristura
Lainorik estalkorrena
Laguna

lunes, 14 de febrero de 2011

ehun

Ehun kilometrotara
ezin ditut entzun
uso mezularien bidez bidaltzen dizkidazun doinuak

Ehun metrotara
ikustezin ditut
Txingudin biltzen dizkidazun liliak

Ehun dezimetrotara
ez ditut adituko
bularretik irteteko duzun bihotzaren taupadak

Ehun zentimetrotara izaterik ez zaitudalako, ezinago bihurtuko zait ehun milimetro ezabatzeko egin nahiko nukeen jauzia



A cien kilómetros
no puedo escuchar los sonidos que envías en palomas mensajeras

A cien metros
me resultan invisibles las flores de Txingudi

A cien decímetros
no podré sentir los latidos de un corazón

Ya que no puedo estar a cien centímetros, me resulta mas que imposible dar que salto que quisiera para eliminar cien milímetros


jueves, 10 de febrero de 2011

Sortu, berba polita

Oso gustuko dot " sortu " berba. Sorreraz pentsatzean, gogora etorten jataz siku itxurea daben arboletatik bat batean urtetan hasten diran hosto berdeak, udabarrian bedarretik egun batetik bestera urtetan diran txibiritak, ume bat jaiotzean izaten dodazan sentimenduak, pertsona bat ezagutzean eragiten dan harreman barria...

Gogoko dodaz sortu horregaz batera datozen jaio, egin,asmatu,bururatu, asmatu, ernatu ; eta horreen kontrakoak ez dodaz ikusi bere egin nahi.

Baina hitza, jantzia baino ez da, arima bizia izan behar litzatekeenaren azala.
Sortu, izan daitela, egin bei

martes, 8 de febrero de 2011

B hizkiz hasten dan hitz hori........

Negu gogorrak jolastordu batzuk emoten deuskuz batzuetan, eta udabarrian etorriko jakun eguzkia erakusten deusku.

Holangoetan, eguerdiko ibilaldia egiterako orduan, buru makur eta arin ibili beharrean, gora begira ibilten naz Gran Viako arbolen adarrei begira, lehen kimu txikiak noz agertuko zain.

Atzo, eguerdiko epeltasunak animatuta, une batez geratu nintzan , eserleku sikuan jarri eta ikusteko betaurrekoak jantzi nebazan hilda moduan agertzen jakuzan adarroi begiratu bat botatzeko. Ez neban berderik ikusi, ezta kimu txikienik ere ez .

Baina, arpegiko begiekaz ikusten ez dan zeozer sentidu neban, sostengatzen gaituen lur honen erraietatik sortu dan eta adar sikuak zeharkatu gurean dabilen berde oraindik ahul baina gogotsu eta tinkoa.

Kimu horren zain nago ni, b hizkiz hasten dan horren zain, eta neguko jolastordua baino, danontzako udabarri amaibakoa izatea gurako neuke.

domingo, 6 de febrero de 2011

miércoles, 2 de febrero de 2011

lur honetan dodazan erroak gero eta sakonago.......

Kandelario lario hatxari ura dario..........
Ez dot pentsetan Amaia Zubiriak hau abestean euskal tradizinoari hain lotutan dagoan fedeari edo sinesmen elizkoiari lotu danik. Antzera gertatzen jat niri, gero eta sinesbakoago egiten nazen arren , gero eta lotuago sentitzen naz betidanik inguratu naben ohitura,tradizino eta gauzetara, nahiz eta tradizinorik gehienak hain urrun sentitzen dodan sinesmenetik etorri.
Zezeila/otsailaren 2a da gaur, kandelario eguna. Goizean ez dogu hitz egiteko denborarik izan baina seguru ama elizara joan dala kandela bete poltsarekin. Beno, agian poltsa betea ez........baina baten bat bai eroango eban aspaldiko partez auzoan ugaritu jakuzan argindar bako denboretan , sikeran argizarizko lanparatxuren bat izateko.

Kandelario gaur eta bihar San Blas. San Blas hariak, eukalipto karameluak, txokolatea, txikilin gailetak........ plastikozko boltsan sartu eta hala! barriro gauzak bedeinkatzera joango jakuz lehen ama eta orain amamatuta bizi diran andrak.Bilbon taberna batzuetan eskaintzen dabez hari bedeinkatuok. Baina, nork bedeinkatu ditu horreek? zer jainkok? Bacok agian?

Beno, bardin da, kontua da ez dakit zenbat egunetan eroan behar dala hari hori saman. Beti galdetzen dot eta beti ahazten jat. Erre egin behar ei da, baina nik batzuetan mantentzen dot maiatzera arte eta bestetan dutxan ahaztuta izten dot hurrengo gabonak heldu arte.

Eta, ez daigun ahaztu! Barikuan toketan jaku Santa Ageda bezpera. Zentzu handirik ez dauka erromatarren garaian torturatua izan zan andra italiar baten istorioa Euskal Herrian gogoratzea, baina tira, hori be elizak ekarri eta berton errotu da Ageda Arratiako, Goierriko , Aialako edo Urbasako neskatoa izan bazan moduan.