miércoles, 29 de diciembre de 2010

mirariak

Gabonak bitarteko garaiak arraroak dira oso, edo behintzat, arraro iruditzen jataz niri. Sinesten ez doguzan gauzak ospatzen doguz, gure talde irudimenak ( edo behar bada, egunerokotasunean zeozer zirraragarri sartu behar dogulako) sortutako pertsonaiak familikide egiten doguz eta hareen izenean etxeak opariz betetan doguz.
Bitxiak dira gabonak, urte beteko etsipena itxaropen bihurtzen da . Neuk be aitortu behar dot "miraria" eskatzen deutsedala, urtero Bilboko Gran Via kaletik etorten jakuzan errege magoei. Gero, jakina, miraria nik neuk egin ezean, ez da gertatzen..................
Baina batzuetan, kasualitatea, zori ona edo dana dalakoa mirariz jantzita agertzen jaku, eta esan behar dot holangoetan " miraria! miraria! aldarria argi eta ozen esatea gustuko dodala. Ibai izeneko txiki bateri gabon aldian etorri jako behar beharrezko izan dauan oparia.
Olentzero izan ete da, ala beste "sozioen" laguntasunagaz egin ete dau?

miércoles, 22 de diciembre de 2010

Bakea eta Zoriona


Arrapaladan helduko naz
zapatak kentzeko astirik barik
arnas-estuka
aurpegia hotzak gorrituta

Amamaren mahaian jarriko naz
etxeko nagusia faltan
danak etxean dagozala konturatu eta
kopa altxatuko dot ozen eta garbi esateko :

Joandakoak gogoan, datorren urtean gehiago izan gaitezala, eta ez gitxiago

Bihotz-bihotzez, fede gabe batek izan daiken indar guztiagaz :Zoriona eta Bakea guztiontzat
.
Llegaré corriendo
sin tiempo de descalzarme
mi respiración entrecortada
y roja mi cara por el frío
Me sentaré a la mesa de ama
en la que falta el señor de la casa
comprobaré que estamos todos para decir alto y claro:
Tengo en mi pensamiento a todos los que se nos han ido y deseo que el año que viene seamos mas, nunca uno menos
De todo corazón, con toda la fuerza que le queda a alguien que perdió la fe.
Paz y Felicidad para todos

lunes, 20 de diciembre de 2010

berbarik gabe

Berbarik gabe nabil aspaldian, olentzeroren astoak bedar sikua diralakoan janda, edo nire ardurabakokeriagaitik galdu egin dodazalako.
Berbarik gabe nabil eta barruan dot morokilaren antzean sortu jatan barruko marapila. Ideiak pilotu jataz, goizeko tristuraz busti eta ore gordin gordina egiten itzi dodalako
Berbarik gabe nabil aspaldian

jueves, 16 de diciembre de 2010

Bakuganak,ipuinak, perfumeak............

Olentzero maitea:

Semeak esan deust azken urteotako gutunak berak idatzi dauzala eta aurtengoa nik neuk egin beharko dodala . Hona hemen ba nire gutuna:

Aspaldi honetan nahiko modernizatuta ikusten zaitut, eta jakin dot mendi tontorreko baserrira adsl-a eroan dozula. Horregaitik, papera eta arkatza hartu beharrean, gurariak mezu honen bidez adieraztea pentsatu dot.

Semearen partez, bakuganak, koloretako arkatzak, legoak eta ordularia eskatu behar deutsudaz. Nik gauza bakarra eskatzea esan deutsot, baina tematuta dago eta " ama, lau ez da asko" erantzun deust. Bere iritziagaz itzi dot eta " beno, Olentzerok erabakiko dau" berbakaz erantzun deutsot. Azken finean, inork baino hobeto dakizu zer dan bakotxak behar eta merezi dauana, ezta?

Amarentzat perfumea eta arropa politen bat eskatu gura deutsudaz. Ondo baino hobeto ezagutzen dozu andratxu hori eta badakizu alaba eta ilobentzako gauzentzat gastatuko dauala berak, eta txakur txikirik ez bere gustuko gauzetan. Hori, ez dago aldatzerik.

Etxeko txikienentzat jostailu bardin-bardinak. Handienak Anderren gauzak gura dauz eta txikienak bere anaiaren gauza ber-berak. Ez dogu gabonetan " txikien arteko guda mundiala" eragin gura, eta horregaz danak pozik eta baketsu.

Gure neskatila panpoxarentzat , are panpoxago eta politago egoteko zeozer. Baserritarra izanda be, jakin badakit horrelako gauzetan aditua zareala. Zure esku.....

Aizta eta koinatuentzat; ba, zer esango deutsut? euren gustuko zeozer. Ezagutzen dozuz ondo. Neure partetik, bakea, zoriona eta bizitza ona eskatzen deutsut guztiontzako.

Eta niretzat, gauza berezia eskatu gura deutsut. Oso berezia............

Eskailera luuuuuuuuuze luzea behar dot Olentzero jauna,egur sendoenagaz egina ( ez bainaz ez argala ezta arina be) . Zerurainoko luzera behar dot, eguneroko pentsamenduetan gordeta dodana gauza batzuk entzun barik joan jatan eta gauzok ezin dodaz gehiago gorde.
Jakin badakit lanpetuta ibiliko zarela eta berandu nabilela , horreek gauza handiak lehenagotik eskatu behar diralako. Baina, ahalegintxoa egingo bazendu, nik biziki eskertuko neutsun.

Honenbestez ba nire aurtengo eskutitza Olentzero maitea
Nire eskariei ahal dozun moduan erantzuna emongo deutsezulakoan, Gabon Gau ederra opa deutsut.

karmele

pd: jatekoa eta edatekoa izango dozue etxean astoak eta biok

miércoles, 17 de noviembre de 2010

Urdintasuna

Burua urdintzeko bidean dagoan arren
Zeruak urdinaren ildo zabala
Erakutsi deustan arren

Buruan
Laino zuriak agertu diran arren
Bekainen balztasuna azalaren arrakaletatik igarotzen hasia dan arren

Biotzean gorria dot
Buruan berdea
Eta
Eskuetan
Asaben usoaren zuria





Aunque empiezo a encanecer
Y el cielo
va mostrandome su ancha entrada

Aunque en mi ánimo
haya aparecido la neblina
y la negrura vaya traspasando las grietas de mi piel


LLevo la el rojo en mi corazón
el verde en el entendimiento
y entre los dedos
la blancura de mis ancestros

viernes, 12 de noviembre de 2010

Ez dago biderik

Machadok esan eban baten biderik ez dagoala eta inork jakin barik geratu bazan, gerotxoago etorri zan Serrat bidea urratsez urrats egiten dala gogoratzeko. Orain arte egindakoa gordetako dago eta behar bada zeozer ikasteko be, baina atzekoari begiratzeak ez dau ekarten etekin handirik. Aurrean guztiz egin barik dogu bidea eta segundu bakotxean erabagi behar dogu zelangoa izango dan. Bidea egiteko Jartzen doguzan gaiak zapaltzen joan behar doguz eta aldi berean barriak jarri gure bidea egiteko. Batzutan jartzen doguz harri sendoak , bestetan babestuko gaituen egurra eta gehiegitan bidea zuloz eta apurketez beteko deuskun lastoa.

Eta orain, zer jarriko dot zoruan hurrengo urratsa emoteko? Uste dot zentzuzkoena dala sinesmen, maitasun eta lasaitasunez egindako harri zabal eta sendoa jarriko dodala. Gaur koloreak bardin deust, baina aukeran......... berdea.


Machado se atrevió a decir que no existe camino y si alguien no se enteró del mensaje , hace unos añitos vino Serrat a recordarnos que el camino se hace al andar. Lo hecho hasta el momento no sirve para demasiado, si acaso para guardarlo y aprender algo. Tenemos ante nosotros un terreno completamente inexplorado y aunque no lo percibamos de esa manera, vamos construyendo y pisando casi a la vez. Y , en esa labor, vamos utilizando a veces resistente piedra, cálida madera y en demasiadas ocasiones frágil paja que se quiebra y va jalonando el camino de vacíos, rupturas y desengaños.

Tengo que decidir la piedra que necesito ahora para dar un paso mas. Creo que lo mas sensato será colocar una piedra hecha de fe, amor y tranquilidad. Hoy no me preocupa demasiado el color, pero si puedo elegir.......... que sea verde.

miércoles, 10 de noviembre de 2010

danak dauka bere amaierea

Negarretan daroadaz azken egunak. Saharan egin daben sarraskiak bihotza irauli egin deust eta ez dau gorputz barruan tokia aurkitzen. Euskadin ondo baino hobeto ezagutzen dogu Sahara aldean sentitzen dabena eta horregaitik ikusten dira hainbeste aurpegi ilun,hainbeste iruzkin triste .......... eta hasarre.

Baina, azken egunotako eguraldi zatar eta ilunak laster amaierea izango dauala ikusita ( ikusi esaten dot ze orain dala ordu beteko laino baltzak artxanda aldetik mugitzen hasiak dira eta osteko zeru urdina ikusten hasi naz), pentsatu gura dot halako egun batean itxaropena etorriko dala bakean eta bere etorkizunaren jabe izanda bizi gura dauan herriarentzat , kanpoko agintaririk barik, bortxakeriarik barik, inposaketarik barik ......................

Eta, hau dana esanda,hainbat herri daukadaz buruan eta bihotzean, klaru hitz egin dot, ezta?

jueves, 30 de septiembre de 2010

Euri tantak

Tanta bat jausi da zorura
Gizonak baltzez jantzitako
Lur samur, bete, emankorrera
Tanta bakarra
Ezer ez dalakoan
Laguna etorri jako

Tanta bi erori dira orduan
Gizonak gogortutako
Lur sendo, busti, abegikorrera
Tanta bi
Ezer ez direkakoan
Laguna etorri jake

Hiru tanta erori dira.........

viernes, 17 de septiembre de 2010

atzo gordetakoak orain urten gura dau


Atzokoan gordeta mantendu nebazan anpuluak urten dira gaur goizean, eta behar bada ez dago horretarako arrazoi handirik baina nor da bor-bor urtetan danari muga jartzeko gai?

Neu behintzat, ez.
Era bateko eta besteko bizipenak bizi ondoren, neure uste ,eritxi eta sinesmenak aztertzen dodazanean argi ikusten dot asko dirala ikusi , sentidu , entzun eta azken batean bizi egin dodanatik urtendakoak. Baina, badira gureta be ganetik kendu ezin doguna, eta hori da txikitatik edan, jan, entzun eta ikusitakoa.

Orain dala hogeita hamar urte pasatxo aitak erdi ezkutuka ikurrina txiki bat erakutsi eustanean ikasi neban horixe zala Euzkadiren bandera, nik Euzkadi zer zan be ez nekien arren.

Orain, bera eta bere aita alderdikidetu ziran batzoki zaharrari agur esatean eta gure belaunaldi barrirako egoitza barriari atea zabaltzean, multzoan etorten jataz urteotan aitarengandik jaso dodazan ikasbideak.

Oraingo lana, lekukoa etxeko txikiari emoten hastea da.




jueves, 16 de septiembre de 2010

Plastikozko poltsa larrosa aldean

Plastikozko poltsa larrosa sorbaldatik eskegi eta amamaren denborako moduak neureganatu nebazan atzo. Hamar mila gauza txiki eta garrantzi bako egin behar nebazan eta mutil nagusiaren besotik ebatuta jarri nintzan martxan.
Udazkena baino lehenago, balkoian jarri gura dodazan landarak aukeratu, afarirako ogia erosi, armozurako esnea, maisuak eskolarako behar dan koadernoa, sasi-larruzko gerrikoa konpontzeko albandorratza..... hamar mila gauza txiki, danak garrantzi bakoak eta danak garrantzi bizikoak egunetik egunerako pausu sasi-jauzia emon ahal izateko.
Ez da hori aparteko gauza, baina bai egiten nebazala sentidu nebana. Gauza bakotxa erosteko emon neban denborea, arreta, dedikazinoa dira orain lerro honeek idaztera ekarri nabenak, eta ez bakarrik aukeraketan jarri neban arretagaitik, baizik eta dendari bakotxagaz berbetan emon neban denboreagaitik eta harreman horregaz sortzen diran loturak estututen egin neban indarragaitik.
Amamaren moduak presaka bizi doguzan denbora honeetan.

viernes, 10 de septiembre de 2010

shhhhhhhhhhhh

Shhhhhhhhhhhh, es esan hemendik nabilela
Oin puntetan sartu naz, ez dot zaratarik egin gura.
Ateko kirtenari helduta atara dan zarateari esan deutsot shhhhhhhhhhhhhhhh! ixo!
Begiratu arina baino ez dot egin gura
hitzak arnastu
papera sentitu
argindarra edan
esan behar dodana amestu

Shhhhhhhhhh, banoa
ezer esan barik
giroa neureganatuta
hurrengorakoa hausnartuta
agur

lunes, 19 de julio de 2010

Izan zaitez ZU ZEU

Gaur goizean semeari esan deutsot " izan zaitez zu zeu", aspaldi honetan bere nobleziaz ( edo ontasun,sinpletasun,umetasunaz..............batek daki zer dan ) baten bat baliatzen dala ikusi izan dodalako.

Hori ekarri deust uda aldiko lanaldi murriztu honek. Arratsaldeak semearekin egoteko aukera emoten deust eta denbora partekatze honek , nigaz bizi dan gizon kumea ezagutzeko denbora daukat ( neguko kontua bestelakoa da, asteburu batzuetan baino ez gara alkarregaz egoten eta ahaztu behar aste barrukoa)
Beno, ba, joan gaitezen harira:

Agindu/gomendio/erregu modura esan deutsodanak zer pentsatu emon deust eta pentsatze honek be kezkak eta beldurrak ekarten deustez. Jaio zanetik pentsatu izan dot pertsona ona eta zoriontsua egiten lagundu gura neutsola, eta ahalegin horretan gogor egiten deutsot bide "okerra" hartzen dauala antzematen dodan momentuan. Gauzak , lekuak eta pertsonak errespetatzen erakutsi gura deutsot inguruan kontrakoa egiten daben pertsonak dagozala ikusten dogun arren.

Eta hori da kontua, moral anitzeko gizartean bizi gara , bakoitzak bere etika partikularra daualako. Niretzat ez da onargarria toki publikoak zikintzea, baina beste batentzat hori berori "bere askatasunaren parte bat da" eta " kale garbitzaileak ordaintzen dira besteok zikintzen doguna garbitzeko". Bestetik be,batzuek ez dogu biolentzia inoiz onartzen eta besteek arrazoitu egiten dabe " defentsarako bada".

Horren aurrean, semeari esan diot " izan zaitez zu zeu", baina ez al naz " izan zaitez ni neu" esaten ari?

jueves, 15 de julio de 2010

Otso baltza

Otso baltza da beldurra eta arbolaren beste aldean daukat zain, beretzako momenturik aproposenean neure ganean salto egiteko. Babes bako zelaian nago ni eta otsoari begietara begiratzea otu jat, behar bada neu be bere erasoaren zain nagoelako.
Eta, erasoaren zain egon beharrean, neu otso baltzaren gainean salto egingo baneu? zer gertatuko litzateke?

miércoles, 9 de junio de 2010

Izan

Izan, egon,egin....
Beti pentsatu izan dot gauza asko nazela , Rubik Kubo famatuaren moduan hainbat alderdi,kolore eta mugimendu dauzan moduan. Eta nik, erro bakarra dodalarik, egoeraren edo beharrizanaren arabera alderdi horreek aldatu edo mugitu egiten dodazala pentsatu izan dot .
Baina, keba! gauza bat da zer zaren eta beste ezbardina, une bakotxean zer egiten dozun edo zelan mugitzen zaren. Ez dot besteetaz berba egingo, bakotxaren unibertsoa era bakar eta esklusiboan sortzen dalako; baina nire kasuan behintzat, emakumea eta ama naz; horren ganetik egiten dodana edo nagoen egoera, unean uneko inguruabarrek zehazten dabe.
Gauza asko egiten dodaz eta beti gauza gehiago egin gurean, gaixotasuna ete da hori? Bidean urrats bat emoterakoan erabiltzen dodazan tresnak eta tartetxo horren ezaugarririk nimiñoena ezagutzen dodala pentsatzen dodanean, hanka altxatzen hasten naz hurrengo pausua emon gurean, lur ezezagunean murgildu gurean, gaitasun barriak estreinatzeko gogo zirraragarriagaz.
Baina, gauza bat edo beste egin ala ez, toki batean , talde batean eta egoera batean egon zein ez egon, beti naz gauza bera, beti naz emakumea eta beti naz ama, eta hori izango naz hurrengo bizitzan beste gauza izatea tokatu arte.

martes, 8 de junio de 2010

buru mapak

Munduko gauzarik esanguratsuenak kasualitatez aurkitzen dira. Edo, hobeto esanda, topo egiten dogu gura barik; edo holan gertatzen jat niri gehienetan.
Orain dala lau hilabete inguru edo, "mind maping" kontzeptua irakurri neban lehenengoz eta interesgarri iruditu jatan , eta batez be baliagarri, buruan dodan biltegi sasi-txukunduan modu bateko edo besteko antolamendua behar zalako.
Izena behin deskubrituta eta haritik tiratzea erabagi neban. Zer ete da hori? Wikipedia bedeinkatuan bilatu eta hortxe agertu jatan zehatz mehatz.
-Bale, orduan, kontua da ama ideia batetik semeak, alabak eta parentela guztia ataratzea, ez da?" -esan neutson egunero ispilu aurrean ikusten dodanari
Koadernoa erosi neban eta aldean daroat leku guztietara. Hamar bat " buru-mapa" egin dodaz hainbat gairen ingurukoak: lana, harremanak,ideiak,burutazioak..... Zalantza barik esan ahal dot lagungarri gertatu jatala buruko nahaspilak txukuntzeko, gauza bakotxari bere tokia emoteko,"ideia zoroei" etekina ateratzeko..........
Kasualitatea, kasualitatea...................

.....

Egun bakotxean gauza bakar bat ikasten badot, urtean 365 gauza barri izango dodaz buruan

viernes, 4 de junio de 2010

...

Lainoa jarri didazue bidean
Aurrean dudana nahastuta ager dakidan

Harriak sartu dizkidazue oinetakoetan
Aurrerako urrats bakoitzak min egin diezadan

Baina, ez didazue gogoa zimurtuko
Ezta arima belztuko

Ez dago tristurarik
Ez gorroto izpirik

Ernatzen dudan hazia
Barruko asmo bizi,arin eta sendoa delako

Lainoak urtzen lagunduko dit
Harriak,
Kotoi bihurtu

martes, 18 de mayo de 2010

Hausnarketa garaia

Hausnarkor altxatu naz gaur eta goizean izan dodazan pare bat elkarrizketetan be konturatu ahal izan naz. Gaurko honetan , gizaki garen aldetik bizi dogun eboluzinoa eta gizarteak gureta edo gura barik inposatzen deuskuzan moldeen artean dagoan amildegia ibili dot dantzan nire buruan ( beno, eta oraindik be hortik dabil...)

Lankidea eta lagunaren aurrean bete betean baieztatu dot altxatu bezain pronto nire betiko borrokari ekin behar deutsodala egunero, hau da, urteotako " kutsadura etenbakoaren eraginez" garunean geratu jatana eta eboluzio zehatz bat bizi izan dauan pertsonak hotz hotzean eta hainbat hausnarketaren ostean bizitzarako ezarri dauzan legeen artean emoten dan borroka hain zuzen be.

Horixe da gakoa hain zuzen, horixe da oraindik konpondu barik dodana; batzuetan arrazoiak garaitu dauala pentsatzen dodan arren ( eta segurtasun momentu horreek geroko ahultasuna ekarten dabe batzuetan) kafearen borra baltza katiluaren eperdian geratzen dan moduan dagoz ideia, helburu eta amets zaharrak nire pentsamenduaren oinarrian.

Ez daidan borroka hori begi bistatik kendu; bestela ,galbidea.....................

jueves, 13 de mayo de 2010

Gustoko lekuan...

Ez dot arineketan egin , burutik be ez jat pasatu ihes egitea. Telefono dei bat nahikoa izan da eskariari " bai, jakina" erantzuteko. Astelehenetik aurrera, euskal lagun barria izango dot, neskato gaztea oraingoa...

miércoles, 12 de mayo de 2010

Hodeiak, zeruetako olatuak ote?

Olatu arro bortitza murruagaz hasarratu eta borrokatzen dan moduan, hodei baltzak datoz nire arimaren kontra egiteko asmo zatarragaz

martes, 11 de mayo de 2010

lurrikarak

Oinen azpitik zorua mugitzen jatala konturatzen nazenean beldurra sentitzen dot gehienetan, baina bakan batzuetan izu sentimendu hori atomoa bailitzan isolatzea lortzen dodanean konturatu egiten naz zein erraza dan beldurraren dardara eta zorionaren barruko eztanda nahastea.
Lurrikara bedeinkatua!

viernes, 5 de marzo de 2010

barditzearen inguruan

Ez naz ni bardintzearen lagun handia, berez ezbardintasunak dodaz gustuko. Bakotxa, dan modukoa da eta hori da nik gehien apreziatzen dodana.

Urte betea Euskadiko Gobernuan daroen pertsonek bardindu gura gaitue, " tabla rasa " egin eta euren espainia bat, bakar eta bardina izatea bilatzen dabe. Ezbardintasunak hazkurea emoten deutse, ezinegona, urduritasuna. Eta hori, euren zilborrari begira dagozalako, euren gauza txiki, mugatu eta bardintzaileari begira bizi diralako.

Baina beno, gaurko honetan ez naz gai horren ganean luzatuko, gaur eskubide, derrigor, aukera eta baliabide BERBERAK izatearen ganeko aldarrikapena egin gura neuke.

Eta, ez dot esan bardinak izan behar diranik, BERBERAK baino. Pertsona garean aldetik, aukera, eskubide , derrigor, baliabide eta holangoak izatekotan, berberak izan behar diralako, kontuan izan barik garrantzi bako inguruabarrak, bardin da emakumeak, gizonak,garaiak, potoloak,ile horiak, begi berdedunak, gorrak,itsuak garean; bardin da zinea , antzerkia, futbola,etxean egotea, garagardoak hartzea gustuko dogun; bardin da zirriak egiteko sexu batekoak , bestekoak ala danak gustuko doguzan.

Hori ba, martxoaren 8a da emakumearen nazinoarteko eguna. Inor ez da inoren jabe , inor ez da inor baino gehiago edo gitxiago, denok dogu EZ esateko eskubidea, edo BAI esatekoa, jakina.....

martes, 12 de enero de 2010

Hotz!!!!!!!!

Hotz
bihotz
izotz

izoztu egin jataz gogoak, ideiak eta asmoak
tupperrean sartu nebazan atzo eta besterik barik gogortu jataz
ez naz konturatu horreek esan bako berbak modukoak dirala
ahaztu egin dot nire ahalegina erabili ezean, zerura biderako lurruna izango dala

eta orain, bidegurutzean nago
mikrouhin labean sartu ala ene begiradaren beroaz epeldu
suzko haizea emon ala bihotzaren suaz bigundu

Hotz
bihotz

kabenzotz