lunes, 7 de abril de 2008

Iraina lagun........

Umeak hasarratzen diranean ( beno, eta hain umeak ez direnak be) une honetan burura etorten jakezan berbarik zatarrenak botatzen dabez. Normalean, nagusiei entzundakoak izaten dira edo euren artean ikasitakoak. Gorputz atal batzuei egindako erreferentziak, inoren amaren ingurukoak edo bestela adimenari edo gorpuzkerari buruzkoak.
Umeak aipatu dodaz eta aitortu behar dot jokaera horiek nagusienak dirala batez be. Gure hasarrea, nazka eta desadostasuna azaltzeko erabiltzen doguz , berba horreek sorgin gurpilera eramango gaituela ikusi barik.
Asteburuan ikusi izan dogu euskal politikagintzan jokaera horreek nagusitu egin dirala eta gauza harrigarriak ikusi doguz. Lotsa guztiz galduta, iraina erabiltzen hasi dira batzuk beren desadostasuna adierazteko. Ez dabe denborarik galdu beren ikuspuntua adierazteko edo aurkakoak ulertzea lortzeko. Horrek beren helburua betetzen lagunduko ez deutselakoan, zuzen zuzenean joan dira aurkakoaren oinarriak ezabatzera, hau da, pertsona guztiei zor jaken duintasuna ezabatzera.
Erreza da personaren ospe ona zorutik botatzea. Urteetako lanagaz lortzen dana,asmo txarrez esandako berbakaz ezabatzen da, indargabetzen da. Eta horretan ari dira batzuk azken egunotan.
Ondokoak eginiko gaiztokeriak ez dau norberarenak justifikatzen. Horixe da nire "mantra", inork kalte egin nahian dabilela somatzen dodanean. Baina zelangoa izan beharko litzateke defentsa eraginkorra arerioak bere helburua lortu ez daian? Argi dago neurri bereko erasoak lehen aipatutako " sorgin gurpilera " eroango gaituela. Orduan, zein da urtenbidea? zein jokabide artesa eta onuragarria?
Helburu ona izan dadila ekaitzaren aurrean lotuko garen harkaitza sendoa eta errespetua eta jokabide zuzena izan daitezala harkaitzera lotzeko sokak. Ekaitza bortitza bada be, soka sendoa bada eta harkaitza ondo errotuta badago, ez dogu beldurrik izateko arrazoirik.

No hay comentarios: