jueves, 9 de octubre de 2008

Agur eta ohore, maisu Gotzon

Euskera erraietan daroagunok negar egiteko eguna dogu gaurkoa. Bardin da , neure moduan, euskara xume eta apala izatea, edo gure hizkuntzaren Olinpoan erabiltzen dabena bada. Euskara bihotzean daroanak jakin badaki Gotzon Garatek berarentzat "mundu hobe" hori dan hartarako bidea hartu dauala.

Beti gertatzen da. Heriotza orduan gogoratzen doguz pertsonak bere bizitzan egin dabezanak eta une honetan be hori dogu begien aurrean. Eta, jakina! Ezin da bestela izan. Gotzon Garate dogu euskerearen alde asko eta asko egin dauan pertsona.

Baina , ez da hori nik gaur azpimarratu gura dodana . Gehienetan ekintzek itsutu egiten gaitue eta ez deutsogu kasu egiten ekintzen ostean dagoenari, hau da, gogoari, bultzadari, sortzeko arrazoiari.

Batzuek adierazten dabe euskerearen alde dagozala, beste batzuk ez dira kontra agertzen, badagoz batzuk nagusitan ikasten jartzen diranak eta beste batzuek beren bizitza osoa emoten dabe ikasten. Ekimen guzti-guztiak dira onak eta beharrezkoak. Baina, kontua da, zerk mugitzen gaitu horretara? Zergatik emoten doguz pausuak? komeni jakulako? etekina atarako dogulako? gure bizitza euskaldundu gura dogulako? asaben hizkuntza dalako?.....................arrazoiak mila eta danak zilegi

Gotzon Garateren arrazoia maitasuna izan zan, hori baieztatu dabe ezagutu ebenek eta hori dario bere lan guztiari, agerikoa dalako bihotza bere lan guztietan.

Euskerea bihotzean, sabelean,eskuetan,begietan eta oin puntetan daroagunok jakin badakigu zer dan hori. Horregatik, gaur ezin izango doguz malkoak begietatik kendu.

Agur eta egun handira arte Gotzon, seguru nago hasia zarela zerua euskalduntzen.

No hay comentarios: