jueves, 16 de diciembre de 2010

Bakuganak,ipuinak, perfumeak............

Olentzero maitea:

Semeak esan deust azken urteotako gutunak berak idatzi dauzala eta aurtengoa nik neuk egin beharko dodala . Hona hemen ba nire gutuna:

Aspaldi honetan nahiko modernizatuta ikusten zaitut, eta jakin dot mendi tontorreko baserrira adsl-a eroan dozula. Horregaitik, papera eta arkatza hartu beharrean, gurariak mezu honen bidez adieraztea pentsatu dot.

Semearen partez, bakuganak, koloretako arkatzak, legoak eta ordularia eskatu behar deutsudaz. Nik gauza bakarra eskatzea esan deutsot, baina tematuta dago eta " ama, lau ez da asko" erantzun deust. Bere iritziagaz itzi dot eta " beno, Olentzerok erabakiko dau" berbakaz erantzun deutsot. Azken finean, inork baino hobeto dakizu zer dan bakotxak behar eta merezi dauana, ezta?

Amarentzat perfumea eta arropa politen bat eskatu gura deutsudaz. Ondo baino hobeto ezagutzen dozu andratxu hori eta badakizu alaba eta ilobentzako gauzentzat gastatuko dauala berak, eta txakur txikirik ez bere gustuko gauzetan. Hori, ez dago aldatzerik.

Etxeko txikienentzat jostailu bardin-bardinak. Handienak Anderren gauzak gura dauz eta txikienak bere anaiaren gauza ber-berak. Ez dogu gabonetan " txikien arteko guda mundiala" eragin gura, eta horregaz danak pozik eta baketsu.

Gure neskatila panpoxarentzat , are panpoxago eta politago egoteko zeozer. Baserritarra izanda be, jakin badakit horrelako gauzetan aditua zareala. Zure esku.....

Aizta eta koinatuentzat; ba, zer esango deutsut? euren gustuko zeozer. Ezagutzen dozuz ondo. Neure partetik, bakea, zoriona eta bizitza ona eskatzen deutsut guztiontzako.

Eta niretzat, gauza berezia eskatu gura deutsut. Oso berezia............

Eskailera luuuuuuuuuze luzea behar dot Olentzero jauna,egur sendoenagaz egina ( ez bainaz ez argala ezta arina be) . Zerurainoko luzera behar dot, eguneroko pentsamenduetan gordeta dodana gauza batzuk entzun barik joan jatan eta gauzok ezin dodaz gehiago gorde.
Jakin badakit lanpetuta ibiliko zarela eta berandu nabilela , horreek gauza handiak lehenagotik eskatu behar diralako. Baina, ahalegintxoa egingo bazendu, nik biziki eskertuko neutsun.

Honenbestez ba nire aurtengo eskutitza Olentzero maitea
Nire eskariei ahal dozun moduan erantzuna emongo deutsezulakoan, Gabon Gau ederra opa deutsut.

karmele

pd: jatekoa eta edatekoa izango dozue etxean astoak eta biok

No hay comentarios: